Bazkizopa Jaialdiak bigarren edizioa ospatuko du ostiralean, Urbieta kalean

Kronika - Erredakzioa 2022ko abu. 8a, 00:00
Joan den urteko Bazkizopa Jaialdia, Atsegindegin.

Acto Messie, Nizuri Tazuneri eta Euskoprincess igoko dira oholtza gainera, 19:30etan hasita.

Joan den urtean ospatu zen, lehenengoz, Bazkizopa Jaialdia. Aurten bigarren edizioa izango da, eta dagoeneko zehaztu dute horretarako data. Ostiralean izango da, hilaren 12an. Urbieta kaleko kioskoan izango da festa, arratsaldeko 19:30etan hasita. Gainera, musikaz gain, jateko eta edateko aukera ere izango da. Hori bai, antolatzaileek aurreratu dutenez, euria eginez gero, Atsegindegin izango da ikuskizuna.

Oraingo honetan, hiru kontzerturekin gozatu ahal izango da: Acto Messie, Nizuri Tazuneri eta Euskoprincess. Denetarik izango da, beraz, jaialdian. Hondarribiako Acto Messierekin rap-a entzuteko aukera izango dute ikus-entzuleek, Nizuri Tazuneri taldeak rap eta musika elektronikoa eskainiko du eta, azkenik, Minet Euskoprincess hernaniarrak dancehall eta trap generoetako erritmoak aurkeztuko ditu, besteak beste. Berezia izango da, gainera, Minet-en aurkezpena. Izan ere, Urumea bailaran aski ezaguna bada ere, ostiral honetan lehenengo aldiz oholtzaratuko da bere herrian, Hernanin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!