Hernaniarrak, Zumaiako 38. Musika Jaialdian

Kronika - Erredakzioa 2022ko abu. 7a, 00:00
Musika Eskolako Haur Abesbatza Zumaiena aretoan.

Musika Eskolako Haur Abesbatza Zumaiena aretoan izan zen, Joxan Goikoetxeak idatzitako obra interpretatzeko.

Hernani Musika Eskola Publikoko Haur Abesbatza Zumaiako 38. Musika Jaialdian izan zen joan den astelehenean. Ikuskizun arrakastatsua izan zen, Zumaiena aretoa bete baitzen, 500 ikusle baino gehiagorekin, pieza guztiak entzuteko.

Abeslari hernaniarrak ezin hobe aritu ziren egokitutako tartean. Joxan Goikoetxea Maritxalar hernaniarrak konposatutako Hesiak urraturik, Xabier Lete in memoriam oratorioa interpretatu zuten Sapere Aude Sinfoniettak eta San Pedro Abesbatzak eskainitako kontzertuan.

Mikel Emezabalek zuzendu zuen emanaldia, eta abesbatzako gazteek bat egin zuten bi bakarlarirekin: Aitor Garitano tenorearekin eta Klara Mendizabal Santamaria sopranoarekin. Hernanitik, oholtzara igo ziren Malen Pacheco Montero (bakarlaria), Jone Trejo Arraztio, Libe Rodriguez Mitxelena, Lide Goñi Garcia, Harane Lopez de Luzuriaga Rodriguez eta Maren Goñi Garcia.

Joxan Goikoetxeak idatzitako obrak jendea hunkitu zuen Zumaienan, txalo zaparrada jaso baitzuen oratorioak. 2020ko abenduan estreinatutako lana disko-liburu formatuan argitaratu da, eta azken hilabeteetan gehien saldu den edizioetako bat da Elkar.eus atariak azaldu duenez. Horren haritik, Musika Eskolako kideek jakitera eman dutenez, «esperientzia polita izan da Amaia Aldalurrek zuzentzen dituen Musika Eskolako ikasleentzat». Aldalur bere jaioterriko San Pedro Abesbatzaren zuzendaria da, eta «ahalegin haundia egin du Hesia Urraturik- en prestaketa eta muntaia artistiko-teknikoan», nabarmendu dute Musika Eskolatik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!