«Denboraldiko bigarren zatian, helburua izango da koskatxo bat igotzea»

Kronika - Erredakzioa 2022ko abu. 7a, 00:00
Eider Goikoetxea eta Estitxu Zabala Elorrabiko zubian.

Eider Goikoetxea eta Estitxu Zabala arraunlariek 'Maialen' traineruak orain arte eginiko lana eta aurrera begira zer nahi duten aztertu dute.

Hernanik Ondarruko estropada jokatu zuen atzo, zazpigarren amaituz sailkapenean. Gaur, berriz, Hondarribian ariko da, 10:00etatik aurrera. Dagoeneko hamar estropada osatu dituzte ETE Ligan, Euskadiko eta Gipuzkoako txapelketaz gain, eta denboraldia amaitu bitartean, gaur Hondarribiakoa, asteartean Donostian, ETE Ligako beste lau estropada eta Kontxarako sailkapena izango dituzte. Beraz, guztira zazpi estropada geratzen dira. Orain arteko lana eta datorrena aztertzeko Estitxu Zabala eta Eider Goikoetxea arraunlariekin bildu da Kronika.

ETE Ligaren sailkapenean, zazpigarren dago kokatuta Maialen trainerua, eta estropadetan bosgarren eta zazpigarren postuen artean mugitu da txalupa. «Denboraldia hasi eta behin taldea berriz egituratu behar denean, zaila zen jakitea non ibiliko ginen, kontuan izanda aurreko urteetan trainerurik ez zela uretaratu», aipatu du Estitxu Zabalak.

Denboraldiko bigarren zatian, Alex Orena entrenatzailearen hitzak gogoratu ditu. «Gure helburua beste koskatxo bat igotzea izango da, eta aurreneko postuetatik gertuago geratzea. Hortxe gaude, baina kosta egiten da».

Aurkariek izango duten maila jakitea ere ez da erraza. «Urtero izaten dira aldaketak eta neguko jaitsieretan ikusi genuen zer egin genezakeen. Hala ere, gerora aldaketak egoten dira. Orain arte izan ditugun emaitzak ikusita, daukagun pena da beti nahi izaten dugula gehiago eta Ondarru, Zarautz eta Zumaia gainditu nahi ditugu batera estropadaren batean. Ez daude urruti, eta estropada batzuetan bat edo bestea gainditu ditugu, baina ez hiruei egun batean. Horrek puntuen banaketan kalte egin digu».

 

«Gazteak gara eta etorkizunari begira indarra ematen digu»

Castro eta Portugalete txanda berean aritzen dira, eta Hernanik beti gainditzen ditu. «Txanda horretan aritzeak bi aldeak omen ditu», dio Eider Goikoetxeak. «Batetik, aurretik ikusteak indarra eta motibazioa ematen digu. Bestetik, aurretik erlojupekoan aritzeak eskatzen du kontzentrazio haundia eta hurrengo txandari begiratzea. Bigarren txandan lehian ikusteak ere bere gauza onak eta txarrak izango lituzke».

Lehenengo estropadan beldurrak aldendu zituzten. «Guk antolatzen genuen estropada izan zen, eta Hondarribiarengandik 30 segundora geundela ikusi genuen. Estropada aurretik sinatuko genuke agertoki hori».

«Bosgarren geratu ginen Zarautz eta Zumaiaren aurretik. Pozgarria izan zen», dio Eider jubeniletatik igo berriak. Gainera, albora begiratu eta bere adineko arraunlari asko ikusten ditu. «Horrek etorkizunari begira indarra ematen digu maila hobetzeko».

Oraindik trainerua «egiteko» dagoela aipatzen dute bi arraunlariek. «Elkarrekin oso berandu hasi gara entrenatzen. Alexek esaten digu negua falta zaigula, elkarrekin denbora gehiago entrenatu izana».

Neguan, beheko mailetako arraunlariekin osatu behar izan dituzte trainerua eta entrenamenduak. «Entrenamenduak ezberdinak dira», dio Eiderrek. Hala ere, Estitxuk arraunlari gazteenen lana goraipatzen du. «Taldea egitea garrantzitsua da hobetzeko, lanaren fruituak etorkizunean ikusten dira-eta uda batean. Denbora behar da. Taldea mantentzea da erronka, eta gure taldean jubenil gehien dauzkagun trainerua izango gara. Asko dugu oraindik emateko. Hazi egingo dira eta ibilbide oparoa egin dezakete elkarrekin jarraitzen badute. «Hori izango da gure erronka. Gaztetxo asko dauzkagu eta beraiei esker atera dugu negua».

Aurrera begira, zubi bat ere izan daitekeela azpimarratu du Eiderrek. «Trainerua probatu dute, hurrengo urtean badakite nolakoa izango den arraunean aritzea».

 

Kontxarako sailkapenari begira, ilusioarekin

Bosgarren eta zazpigarren postuen artean mugitu dira eta azken estropadan, seigarren Camargon, oso gustura amaitu zuten. «Sentsazio oso onak izan genituen. Pedreñan, alderantziz. Bi estropada horiek izan dira, nire ustez, onena eta txarrena», dio Goikoetxeak.

Kontxako sailkapen estropada ere begi artean dute. «Ilusio haundia dugu. Amesten dugu sailkatzearekin».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!