Juaneneak eta Ezkurra II.ak indarrak neurtuko dituzte gaur

Kronika - Erredakzioa 2022ko abu. 6a, 00:00

Kutxabank Banakako Txapelketako erremontistak. Argazkia: Maialen Andres

Kutxabank Torneoko azken faserako pasea izango dute jokoan, arratsaldeko 18:30etan hasita. 

Juanenea eta Ezkurra II.a elkarren aurka ariko dira gaur, Galarretan, 18:30etatik aurrera. Kutxabank Torneoko azken faserako pasea izango dute helburu norgehiagokan. Hain zuzen ere, garailea azken lau erremontisten fasera pasako da, eta hiru partidu gehiago izango ditu ziurtatuak txapelketa nagusian.

Juaneneak erraz gainditu zuen Azpiroz final-laurdenetako ligaxkaren lehenengo partiduan. Hasieratik ihes egin zuen Ezkurrak 5-1, 12-5, 18-8 eta 24-10. Horregatik, bazirudien partidu berehala amaituko zela, baina atzelariak markagailuan tartea murriztea lortu zuen 26-16, 27-20 eta 28-22. Hala ere, ezin izan zuen gehiago hurbildu eta doneztebearrak lortu zituen lau puntuak. Ezkurrak 23 tanto egin zituen peloteoan eta oso nagusi izan zen arlo horretan. Sakearekin ere ongi aritu zen lau tantorekin. Bost akats egin zituen, baina ia denak partiduaren amaieran, erabakita zegoenean. Azpiroz gaindituta aurkitu zen hasieratik. Sakearekin sei tanto egin zituen eta 12 piloteoan. Hiru akats egin zituen. Emaitza horrekin, beraz, bere ibilbidea banakakoan hemen amaitu da. 

Bere aldetik, Ezkurrak ere nahiko ongi menderatu zuen Huitziko atzelaria eta, beraz, gaurko hitzordua estua izatea espero da. Gainera, biek doai bereziak dituzte banakako jokorako eta, horrenbestez, aurrean jartzen den edozein garaitzeko gai dira. Hori ez ezik, Juanenea bikain ari da azken hilabeteetan atzelari gisa, eta horrek bere jokoari mesede egin dio. Orain, peloteoaz gain, sakean eta atzeko jokoan ere ezin hobeto ari da, eta are eta arriskutsuagoa da hori aurkariarentzat.

Hori horrela izanik, Ezkurrak lanak izango ditu saldiastarra menderatzeko, baina aurrelari gisa maisua da Kotetoren iloba. Aurrelaria izan arren, ondo moldatzen da sakean, eta peloteoan ez da izaten aurkariak baino gutxiago. Alderantziz, jokaldia inork baino hobeto amaitzen daki. 

 

Ansa eta Barrenetxea, nagusi

Binakako estelarra ere oso interesgarria izango da. San Fermin eta Zarautz Torneoetako txapeldunak, Ansa II.ak eta Azpirozek, Segurola eta Barrenetxea izango dituzte aurrez aurre. Segurola eta Barrenetxeak bikote oso indartsua osatzen dute eta lehia biziko norgehiagoka izatea espero da. Jaialdia 16:30eta hasiko da, eta arratsaldeko bigarrena izango da hau, Juanenearena eta Ezkurra II.aren aurretik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!