Sonsierrako nafar gazteluei buruzko erakusketa ikusgai Biterin, bihartik

Kronika - Erredakzioa 2022ko abu. 5a, 00:00
Sonsierrako nafar gazteluak ezagutzeko aukera izango da erakusketan.

Hernani Errotzenek antolatuta, informazio panelak zein irudiak abuztuaren 26ra arte egongo dira ikusgai.

Hernani Errotzen elkarteak antolatuta, Nabarraldek sortuta eta Iñaki Segredoren zuzendaritzapean, Sonsierrako nafar gazteluetan barrena bidaia kulturalean eta historikoan murgiltzeko aukera izango da bihartik aurrera. Hain zuzen ere, Biana eta Nafarroako Sonsierraren babes sistema izenburupean, erakusketa ikusgai egongo da Biterin, abuztuaren 26ra arte.

Segredoren esanetan, «Sonsierrako gaztelu guztiek Nafarroako erresuma kontrolatzeko eta babesteko eginkizun erabakigarria izan zuten». Horrela, erakusketan, erresumaren defentsa-sistema garrantzitsuenak aurkeztuko direla aurreratu dute. «Nafarroa Gaztelako erresumaren etengabeko erasoetatik babesteko benetako babes frontea izan zen», nabarmendu dute.

Horren guztiaren berri emateko, erakusketan gaztelu bakoitzaren historia laburra azaldu dute informazio-panelen bidez. Modu horretan, irudi grafikoen bidez, bisitariek historia irudikatu ahal izango dute.

Gogoeta egin eta honako hauxe nabarmendu du Segredok: «nafar erresumako zona hori aldatuz joan da 1200 urtetik aurrera, arerioaren etengabeko erasoei aurre eginez. Azkenean, gazteldarrek konkistatu eta behin betiko galdu zen, 1462an. Horregatik, nahi duguna da jendeak ikustea hori oraindik bizirik dagoen gure historiaren zatia dela, eta oso beharrezkoa dela hori gogoan izatea».

Horrekin batera, erakusketa aurkezteko atarian, Hernani Errotzen taldeko kideek aipatu dute defentsa lerro horretan eraikitako hiriek «askotan» jasan zituztela «setioak eta gaztelar tropen erasoak». Hori horrela, horren guztiaren gaineko azalpena eta irudikapen grafikoa argitara ekarriko dute bihartik aurrera, Biterin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!