Zabalik, herritar guztientzat, datorren ikasturteko kiroldegiko ikastaroetan izena emateko epea

Kronika - Erredakzioa 2022ko abu. 5a, 00:00
Zenbait herritar pilateseko ikastaroan, kiroldegian.

Irailaren 11 da epemuga, kiroldegian edo 'kirola.hernani.eus' webgunean. Azken urteetako eskaintzaz gain, berrikuntzaren bat ere bada.  

Udako hilabeteetan murgilduta egotearekin batera, Udal kiroldegiak prest du, dagoeneko, 2022-2023 ikasturteko ikastaro-eskaintza. Igerilekuko, fitness aretoko eta aire libreko ikastaroak dira, adin tarte guztietako herritarrentzat. Ikastaro gehienak urte osokoak izango dira eta, horrez gain, uretako batzuk, berriz, hiru hilabeteko iraupena izango dute. 

Izena emateko interesa dutenek, zabalik dute apuntatzeko epea. Irailaren 11 izango da horretarako azken eguna, kiroldegira bertaratuta edo, bestela, Internet bidez www.kirola.hernani.eus webgunean. 

Aurtengoan, aurreratu dutenez, azken urteetan eskaini diren ikastaroez gain, «zenbait berrikuntza» txertatu dituzte. Eskaintza aztertuta, denetarik egiteko aukera izango dute herritarrek. 

Ikastaroak antolatzeko, hiru multzo osatu dituzte. Batetik, uretako ikastaroei dagokienez, adin-tarteka banatuta, talde bakoitzak bere eguna eta ordutegia izango du. Bestetik, aire librekoak bi izango dira: Jarri martxan! (60 urtetik gorakoentzat) eta Herrian barrena. Azken horretan, esaterako, korrika, zirkuituak eta bestelako jarduerak osatuko dituzte Hernaniko kaleetan barrena. Azkenik, fitness aretoan 18 ikastaro eskainiko dira. Denetarik egiteko eta lantzeko tartea izango da horietan: indoor walking-a, korea, zunba, TRX-a, aerobikoa, eta beste asko. 

 

Zenbait ohar

Ikastaro guztien gaineko informazioa eskuragai dago kiroldegiko webgunean. Aintzat hartzekoen artean dago, adibidez, pertsona bakoitzak eskaera bakarra egin ahal izango duela. Gainera, eskaera-orri bakoitzean bi ikastaro desberdin izendatzeko aukera izango da, lehen ikastaroan plazarik egokitu ezean, beste ikastaro batean aukera izateko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!