Ezkurra II.ak eta Azpirozek Banakako Txapelketako bigarrena, gaur

Kronika - Erredakzioa 2022ko abu. 4a, 00:00

Kutxabank Banakako Txapelketako protagonistak Galarretan, astearteko aurkezpenean. Argazkia: Maialen Andres

Jaialdia 16:30etan hasiko da, eta arratsaldeko hirugarren norgehiagoka izango da Kutxabank Txapelketakoa, 18:30ak aldera. 

Kutxabank Banakako Torneoa aurkeztu zen atzo, Galarretan, azken urteetako formatuari eutsiz. Aurten 40. edizioa jokatuko da, eta sei erremontista lehiatuko dira txapel preziatua lortzeko. Txapelketako protagonista guztiak elkartu ziren aurkezpenean: Ezkurra II, Azpiroz, Juanenea, Ansa II, Barrenetxea IV, Urriza, eta baita Xabi Gonzalez Oriamendiko gerentea eta Arrate Arrizabalaga Kutxabankeko ordezkaria ere.

Ezkurra II.a, Azpiroz eta Juanenea final-laurdenetako atariko ligaxka jokatzen ari dira, eta bertatik, laugarren finalista aterako da, Ansa II.a, Urriza eta Barrenetxea IV.arekin batera.

Juaneneak Azpirozi irabazi zion lehenengo partiduan eta, gaurkoan, bigarren partidua jokatuko da Ezkurra II.aren eta Azpirozen artean, 18:30etan hasita. Jaialdia, hori bai, 16:30etan hasiko da.

Final-laurdenetako ligaxkako hirugarren norgehiagoka larunbatean izango da. Horretan, indarrak neurtuko dituzte Ezkurra II.ak eta Juaneneak. Ligaxkaren irabazlea sailkatuko da Ansa II, Urriza eta Barrenetxea IV tituluaren defendatzaile eta txapelduna jokoan dauden final izeneko ligaxkan aritzeko, iazko sailkapenaren arabera eskailera mantenduz.

Galarretara bertaratzeko asmoa dutenek, aukera dute bina sarrera Kronikako bulegoan (Larramendi 11) dohainik eskuratzeko. 

 

Azken urteetako formatuak jarraituko du

Kutxabank Torneoak orain arteko erritmoa jarraituko du. Alegia, ligaxka bat denak denen aurka, zeinetan lehenengo sailkatua zuzenean finalera pasako den eta bigarrena eta hirugarrena, berriz, finalerdi batean lehiatuko diren. Laugarrena txapelketatik kanpo geldituko da, nahiz eta datorren urtean ez duen prebiarik jokatuko eta final-laurdenetako ligaxkan sartuko den.

Ligaxka abuztuaren 11n hasiko da eta final haundia abuztuaren 27an izango da. Tartean, abuztuaren 13an, 19an, 20an eta 25ean jokatuko dira partidu guztiak. Norgehiagokak ostegunetan edo larunbatean izango dira, hilaren 19an izan ezik. Izan ere, egun horretan ETBk gauean emango du partidua. Abuztuaren 27an, irailaren 3an eta irailaren 10ean ere, telebistan zuzenean eskainiko dituzte partiduak. Azken hiru egun horietan, jaialdia 15:30etan hasiko da eta abuztuaren 19koari dagokionez, arratsaldeko 17:00etan emango diote hasiera. Gainerako jardunaldiak 16:30etan jokatuko dira.
Bigarren eta hirugarrenaren arteko finalaurrekoa irailaren 3an jokatuko da, eta final haundia irailaren 10erako hitzartu dute. Bi ligaxketan, lau, bi, bat, zero eta puntu negatibo bateko ohiko puntuazioa aplikatuko da. Bi erremontisten arteko puntu-berdinketaren kasuan, bien artean jokatutako partidua irabazi duena sailkatuko da lehenbizi. Berdinketa hirukoitza edo laukoitza izanez gero, tanteo orokorra hartuko litzateke kontuan.

Amaitzeko, Xabi Gonzalez Oriamendiko gerenteak eskerrak eman zizkion Kutxabanki «zale eta pilotarien artean ikusmin gehien sortzen duen txapelketari emandako babesagatik». Aurreratu zuenez, «ikuskizuna ziurtatuta dago». Bere aldetik, Arrate Arrizabalaga pozik agertu zen txapelketari beste urtebetez babesa emateagatik. «Kutxabank pozik dago 40. edizio berezia babestu duelako. Ohore bat da uda guztietan txapelketarik onenaren babesle izatea. Aurten, txapelketak normaltasuna berreskuratuko du pandemiaren ondoren, eta horrek are pizgarriagoa egiten du guztia». 

Ezkurra II.ak gaur ekingo dio bere ibilbideari, eta hauxe aipatu zuen hiru urte geroago Torneora itzultzeari buruz: «Azpiroz eta biok behetik hasi gara. Espero dut inertzia horrek goraino igotzeko balio izatea, baina ez da erraza izango oso indartsu hasi den Juanenearen aurrean».
Barrenetxea IV.a titulua defendatuko duela argitu zuen: «Txapela defendatzea ez da erraza, eta 2020an egin nuen tituluaren defentsa hobetzea espero dut. Aurten, esan dezaket azken urteetako txapelketarik paretsuenaren aurrean gaudela, Ansak, Juaneneak eta beste zenbaitek erakutsi duten moduan. Ligaxkako erremontari arriskutsuak dira, eta Ansa eta Urriza zer esanik ez. Horregatik, aurten behintzat, ez dut neure burua faborito gisa ikusten».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!