'Mr. Wain' filmak irekiko du aire libreko zine programazioa Chillida Lekun, bihartik hasita

Kronika - Erredakzioa 2022ko abu. 3a, 00:00
'Mr Wain' pelikulak irekiko du zinea gauean..

Ostiralean eta larunbatean ere proiektatuko dituzte pelikulak. Sarrerak salgai daude, 15 euroan, 'museochillidaleku.com' webgunean.

Abuztuan sartzearekin batera, udako egunetako xarma bereziaz gozatzeko aukera ezin hobea eskaini du aurten ere Chillida Lekuk. Hain zuzen ere, bihartik hasita larunbatera arte, aire libreko zinea izango da museoko belardian. Iluntzeko 20:00etatik aurrera, museoa bisitatu ahal izango da, eta, ondoren, filmen txanda helduko da naturaz inguratutako paisaian. Jarraian pelikulen proiekzioa 21:30etan hasiko da hiru egunetan. Interesa dutenek, salgai dituzte sarrerak www.chillidaleku.com webgunean, 15 euroan.

Horrez gain, emanaldia hasi arte, Lurra Café jatetxeak prestatutako edariak, palomitak eta sushi-a erosteko tartea ere izango dute bertaratzen direnek. Horretarako, zenbait pack edo eskaintza prestatu dituzte antolatzaileek: edaria eta palomitak, 5 euro; edaria eta sushia, 15 euro; edaria, palomitak eta sushia, 17 euro.

 

'Mr. Wain', 'Delicioso' eta 'Un héroe' pelikulak, agendan

Horrela, bada, guztia prest dute dagoeneko datozen egunetarako. Eguraldiak lagunduta, bihar emango diote hasiera aire zabaleko udako zineari. Bihar, programako lehenengo egunean, Mr. Wain (Will Sharpe) pelikula proiektatuko dute. 1888. urteko Ingalaterran girotutako obra da, eta honako hauxe aurreratu dute sinopsian: Louis Wain artista eta asmatzaile ezohikoa da. Bere lorpen haundiek garaiko argitalpen nagusiak erakartzen dituzte. Sormena bost ahizpa txikien eta amaren zaintzarekin uztartzen saiatzen de bitartean, bi gertakarik etorkizuna aldatuko diote. Batetik, Emily bere bizitzako maitasuna dena ezagutza eta, bestetik, bere artea inspiratuko duen Peter maskota adoptatzea.

Etzi, Delicioso (Eric Besnard) pelikularen proiekzioa izango da. Kasu honetan, XVIII. mendean kokatutako istorio baten kontakizuna ikusi ahal izango da, Frantziako Iraultzaren hasieran, etxe noble batean girotutakoa. Amaitzeko, larunbatean, Un héroe (Asghar Farhadi) filmaren txanda izango da. Intrigazko pieza da, ikus-entzulea adi-adi mantentzen dituen horietakoa. Rahim pelikulako protagonista espetxeratu dute ordaindu ezin izan zuen zor batengatik, eta bi orduko istorioaren bueltan horren gaineko haria jarraituko du filmak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!