Atzo aurkeztu zuten Urbieta kaleko bizikleta-aparkaleku segurua eta estalia

Kronika - Erredakzioa 2022ko abu. 2a, 00:00
Mattin Aldaia Olasagasti ingurumen zinegotzia eta Tamara Zapiain Garcia teknikaria atzo, aurkezpenean.

Erabilgarri dago dagoeneko Hernani Erabaki aurrekontu partehartzaile prozesutik jaiotako zerbitzua. Doakoa da, eta edonork erabili dezake Pverde aplikazioaren edo webgunearen bidez.

 

 

Atzo aurkeztu zuten Urbieta kaleko bizikleta-aparkaleku estalia Mattin Aldaia Olasagasti ingurumen zinegotziak eta Tamara Zapiain Garcia teknikariak. «Hernani Erabaki aurrekontu partehartzaile prozesuan, 2020an, hernaniarrek hautatu zuten auzoen eta erdigunearen arteko mugikortasuna errazteko, bizikletak gordetzeko kaiola itxiak jartzea», azaldu zuen Aldaiak. Horrela, zerbitzua martxan da dagoeneko dohainik eta herritar guztientzat. Ingurumen zinegotziak nabarmendu zuen aparkalekuaren helburua dela «bizikleta bidezko mugikortasuna segurua sustatzea».

Erronka hau bat dator, besteak beste, Hernaniko Energia Jasangarriaren Ekintza Planaren 4. ildoarekin: mugikortasunarekin. Bereziki, 4.2.3 neurriarekin: «Bizikleta bidezko mugikortasuna hobetzeko eta bultzatzeko programa bat ezartzea». Zapiainek aipatu zuen aparkalekuaren kokapena, Urbieta kalea, «egunero joan-etorri askoren helmuga» dela, eta kiroldegitik eta anbulatoriotik gertu aurkitzen dela, «baita Kaxkotik ere». Horrez gain, bertaratutakoek aipatu zuten bizikleta ez erabiltzearen arrazoien artean daudela «eguraldi txarra, edota kalteak edo lapurretak jasateko beldurra». Horregatik guztiagatik, aurrerantzean, Udalak jarritako aparkalekuan erabiltzaileek babesean eduki ahal izango dute haien bizikleta.

Aldaiaren eta Zapiainen aurkezpena amaituta, Eusebio Puebla PVerde enpresako teknikariak azaldu zuen aparkalekuaren erabilera. Kontatu zuenez, aipatutako erakarpen-guneei lotutako «txandakako aparkaldia» izango da jomuga. Beraz, bizikletaren aparkatzeak denbora mugatua izango du. Zehazki, izango da 3 egunekoa (72 ordu), bizikleten txandakatzea bermatzeko. «Bizikleta aparkaleku modulua mugigarria da, itxia, sarrera-kontrolduna eta bideoz zaindutakoa. Era berean, erabiltzeko erraza eta segurua da, eta, gainera, aparkalekuak bizikleta elektrikoak kargatzeko entxufea ere badu», zehaztu zuen Pueblak. Neurrien artean, aipatu zuten nahitaezkoa izango dela erabiltzaileek kandadua jartzea beren bizikletei.

 

Aparkalekua erabiltzeko, PVerde aplikazioa edo webgunea

Aparkaleku guneak doan eskainiko du «bizikletak leku seguruan, kontrolatuan eta zainduan uztea». Edonork erabili dezake, eskuragarri dagoen Pverde aplikazio mugikorraren bidez edo webgunean alta emanda. Gainera, erabiltzaileek denbora errealean ezagutuko dute aparkalekuaren egoera eta erabilera-maila zein den. «Eguneko 24 orduetan eta urteko 365 egunetan erabili daiteke», esan zuen PVerdekoak. Erregistratutako erabiltzaileek aparkalekua ireki ahal izango dute app mugikorraren bidez edo aparkalekuko atean instalatutako zenbakizko teklatu baten bidez.

Sistemak «arrakasta haundia» duela azpimarratu zuen Pueblak, eta gaur egun milaka bizikleta aparkatzeko aukera eskaintzen du Euskal Herriko zein beste herrialdetako hainbat gunetan. Besteak beste, Euskal Herrian, aparkalekuak daude Donostian, Gasteizen eta Iruñean, eta, azken horretan, zerbitzuak aurten lortu du Mugikortasunaren Sari Nazionala. k

Aparkalekua estalita egongo da erabiltzaileei segurtasuna bermatzeko. 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!