Ansa II.a eta Azpiroz txapeldun, Zarautzen

Kronika - Erredakzioa 2022ko abu. 2a, 00:00
Zarauzko Txapelketako finaleko protagonisak. Argazkia: Maialen Andres.

25-35 garaitu zituzten Juanenea eta Ezkurra II.a Zarauzko Txapelketan, igandean, Arizbataldeko frontoian.

Ansa II.ak eta Azpirozek topera jarraitzen dute udan, bi aste pasatxotan bigarren txapela jantzi baitute Zarauzko Torneoko finala irabazita. 300 lagunek giro ederra jarri zuten Arizbataldeko harmailetan joan den igandeko norgehiagoka haundian, eta partidua 25-35 amaitu zen Ansaren eta Azpirozen alde. San Fermin Torneoan maila bikaina erakutsi zuen bikoteak, eta horixe bera ziurtatu zuten herengun, Zarautzen.

Zaletuek giro bikaina izan zuten frontoian, partiduko erritmoak hala lagunduta. Ikusi zenez, urnietarra bere ibilbideko unerik onenean dago eta, horrela, finaleko erremontista azpirragarriena izan zela esan daiteke. Izan ere, aldeak sortu zituen eta partida bikaina jokatu zuen. Urnietakoak lortu zuen pelotari abiadura ematea, eta Ezkurra II.ak bere burua gainditu zuen une oro. Atzelarien borroka berdinduta egon zen, baina finala koadro alaietan erabaki zen.

Urdinek indartsu hasi zuten partidua, eta markagailuan 4-14 egin zuten alde. Bere aldetik, erreakzio gorri batek 19-21era hurbildu zituen Juanenea eta Ezkurra II.a, baina ez zuten lortu aurrera egitea. Hain zuzen, Ansak agintea berreskuratu zuen eta, Azpirozekin batera, zazpi eta zortzi tantoko errentak lortu zituen bikote txapeldunak. Azken tantoan, berriz, hamarrekoak izan ziren berriro.

Ansak hogei tanto ere egin zituen hiru hutsegiteren truke. Bi horma, dejadak, moztuak... denetarik egin zuen. Ezkurrak lan ona egin zuen eta saiatu zen, baina zortea ez zen bere alde egon, hamar tanto egin baitzituen hiru hutsengatik.

Juaneneak eta Azpirozek zenbaki antzekoak izan zituzten. Batetik, Azpirozek hiru tanto egin zituen saketik eta bost, berriz, peloteoan. Gainera. izugarri ondo aritu zen defentsa lanetan. Bestetik, Juaneneak zortzi tanto egin zituen saketik egindako tanto batean eta gainerako zazpiak peloteoan.

Bestalde, B multzoko finalean ere beste urnietar bat izan zen faktore diferentziala: Goikoetxea V.a. Odeirekin batera erraz nagusitu zen Urnietakoa, 23-35 Zaldua eta Martirena mendean hartuta. Partidua kontrolpean eraman zuten hamalaunako berdinketatik aurrera. Urdinek 16-24 ihes egin zuten eta abantailak etengabe hazi ziren azken 23-35era arte. Martirena oso ondo aritu zen partidaren erdira arte, baina Odei bere parean jarri zen.

 

Banakako Txapelketaren aurkezpena, gaur

Udako txapelketekin jarraituta, gaur, arratsaldeko 18:00etan, Kutxabank Banakako Erremonte Txapelketa aurkeztuko da Galarreta frontoian. Erremontearen txapelketarik entzutetsuena da, eta bertan izango dira sei erremontista partehartzaileak: Barrenetxea IV, Urriza, Ansa II, Juanenea, Ezkurra II eta Azpiroz, eta baita Oriamendiko Xabi Gonzalez eta Arrate Arrizabalaga Kutxabank-eko ordezkaria ere.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!