'Maialen' seigarren postuan, Camargon

Kronika - Erredakzioa 2022ko abu. 1a, 00:00

Estropada ona egin zuen larunbatean eta Alex Orena entrenatzailea gustora dago errendimenduarekin.

Hernaniko Maialen traineruak seigarren amaitu zuen larunbatean Camargoko estropadan, ETE Ligan. Txandaka antolatu zen eta hernaniarrek lehenengoa erraz irabazi zuten, bigarren txandako Ondarru ere gaindituz. Lehenengo postuetatik gero eta hurbilago dago Maialen trainerua.

Alex Orenak, traineruaren entrenatzaileak, orain arteko ibilbidearen azterketa egin du; ilusioz begiratzen dio lehiaren bigarren zatiari.

«Emakumeen Traineru Elkartearen (ETE) Ligako erdira iritsi gara, eta orain arteko ibilbidea, oso ona izan da. Egia da, entrenatzaileok beti nahi izaten dugula gure taldea goian ikusi baina gogoratu behar dugu, ez dela urte erraza izan. Hasierak beti izaten dira nahiko zailak eta aldapatsuak. Maldan gora gogor egin beharrekoak, alegia».

Kontuan izan, azken bi urteetan, Maialen trainerua ez dela ureratu, hau da, ez da lehiatu. «Horrez gain, batetik, neguan, taldea osatzea ez zen erraza izan, eta bestetik, neskak, oso gazteak izateaz gain, gehienak, traineru batean ibili gabeak ziren. Lan berrietara ohitzea ez da erraza».

 

«Emaitza hobeak iritsiko dira»

Alex Orena baikor azaltzen da aurrera begira. «Emaitza hobeak iritsiko dira, ziur nago», azpimarratzen du Orenak. «Baina aipagarria iruditzen zait oso, batez ere, taldea, entrenamenduetan azaltzen ari den sendotasuna eta arraun heldutasuna. Traineruak badauzka printzak, eta uste dut, izpiak datozen estropadetan ikusteko aukera izango dugula. Presarik gabe baina pauso irmoz, aurrera goaz».

 

«Gogor ari dira entrenatzen eta denbora behar da»

Helburuak lortzeko, denbora behar dela gogorarazten du Alex Orenak. «Traineruko neskak gogor entrenatzen ari dira, eta nik, nire aldetik, zoriondu nahi ditut. Izugarrizko lana egiten ari dira! Etorkizunari begira, honek guztiak, hazia jarriko du. Beraz, aurrera begira, baikorra naiz. Une honetan taldea sendotzen ari gara, eta denboraldiaren amaierara begira, ea koska bat igotzeko gai garen Ligan».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!