Enaitz Goñi eta Maialen Rohrbach, dominatik gertu, Espainiakoan

Kronika - Erredakzioa 2022ko uzt. 30a, 00:00

Euskal Herriko txapelketan bost urrezko domina lortu zituen Goñik.

Sabadellen aritu dira uztailaren 20tik 24ra Estatuko igerilari onenekin eta laugarren postua lortu dute 1.500 eta 50 librean.

Astigarragako Enaitz Goñi eta Maialen Rohrbach igerilariek emaitza oso onak lortu berri dituzte udako Espainiako Absoluto eta Junior txapelketan. Sabadellen Estatuko igerilari onenekin lehiatu dira uztailaren 20tik 24ra arte eta dominak lortzetik oso gertu izan dira.

Juniorretan, Enaitz Goñi hernaniarrak, 17 urterekin, 200, 400 eta 1.500 metro librean parte hartu zuen, baita hiru erreleboetan ere Tolosaldea IKT taldearekin. Rohrbach alemaniarrak 50 metro libre, bizkar, tximeleta eta 100 librean aritu zen absoluto mailan, Bidasoarekin. Bi erreleboetan ere hartu zuen parte.

Goñik laugarren amaitu zuen 1.500 metro librean (16:34.66) dominatik zazpi segundura. Hala ere, ez zen gustora geratu eginiko denborarekin. Hori bai, 200 metro librean seigarren amaitu zuen 1:55.59ko denborarekin eta bere marka ia segundu batean hobetu zuen. Finalera laugarren denborarekin sartu zen eta arratsaldean amaitu zuen seigarren bere denbora ia berdinduz (1:55.61). Hemen bai, gustora geratu zen eginiko denborarekin. Inoiz Euskal Herrian egon den 20garren igerilari azkarrena bihurtu da proba honetan, 50 metroko igerilekuan. Mañel Aizpurua hernaniarra da ranking horretan bigarrena 2009an egin zuen 1.50.79ko denborarekin. Euskal Herriko errekorra izan zen bere garaian.

400 metro librean finaletik gertu geratu zen hamargarren amaituta, 4:10.88 denborarekin. Bere markarik onena egin zuen. Tolosaldearekin kanporatuak izan ziren 4x200 librean bosgarren amaitu eta gero. 4x100 librean seigarren izan ziren eta Goñik erreleboa ireki zuen bere denbora onena eginez (53:83). Txapelketa 4x100 estiloekin amaitu zuen zazpigarren postuarekin eta 100 bizkarrekin erreleboa irekizuen bere markarik onenarekin (1:01.00).

Rohrbachek laugarren amaitu zuen 50 librean maila absolutoan (26.28). Domina 26 ehunenekoetara izan zuen. 100 librean hamargarren amaitu zuen (57.72), 50 metro bizkarren 15garren (30.32) eta 50 tximeletan 17garren (28.28). 4x100 librean Bidasoarekin laugarren izan ziren domina lortzetik 69 ehunenekoetara. 4x100 estiloetan bosgarrenak izan ziren.

 

Euskal Herriko txapelketan, Tolosan, txapeldun

Uztaileko lehenengo asteburuan bi igerilariek domina ugari lortu zituzten eta Euskal Herriko txapeldun izan ziren hainbat probetan. Enaitz Goñi Euskal Herriko txapeldun irten zen absolutoetan 1.500 librean eta juniorretan 4x200, 100, 400 eta 1.500 librean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!