«Harri baldar batekin eta 63 kiloko zilindro eta bolarekin ariko naiz»

Kronika - Erredakzioa 2022ko uzt. 30a, 00:00

Lierni Osa harrijasotzaile zarauztarra da.

Lierni Osa harrijasotzaile zarauztarra Santa Barbaran ariko da bihar, 13:00etan, herri kirol erakustaldian Suharri 'Paolla', Jokin 'Basozabal', Ainhitze Zumeta, Iraitz eta Xabat Arruti, Aiert 'Paolla' eta Iñaki Lekuonarekin batera.

Lierni Osa (Zarautz, 1995) harrijasotzaileak urtebete egin berri du harrijasotzen. Aurretik, crossfit-ean lehiatu eta gero harriarekin probatu nahi izan zuen lagun batek bultzatuta. 12 hilabete ondoren erakustaldietan eta txapelketetan dabil burubelarri. Bihar, Hernanin lehiatuko da, erakustaldian, Santa Barbaran, San Inazio festetan. Berarekin batera beste zazpi kirolarik eskainiko dute ikuskizuna, 13:00etan hasita.

Asteartean Astigarragan aritu zinen eta bihar Hernanin. Ez dago etenik.

Euskal Herriko festa askotara joaten gara. Aste honetan lau lehiaketa izan ditugu. Aurreko igandean txapelketa izan genuen; Astigarragan asteartean erakustaldia; asteazkenean Zarautzen ere bai eta bihar Hernanin.

Pandemia eta gero berriz ere erakustaldiak herri eta auzo guztietan ari dira antolatzen.

Orain urtebete hasi nintzen harrijasotzen eta pasa den urtean erakustaldi gutxi izan ziren. Abuztuan txapelketa bat eta pare bat erakustaldi izan nituen. Aurten, berriz, alderantziz.

Gustora edota asko nekatzen du herriz herri aritzeak?

Nekatuta baino gehiago lesio batekin nabil kezkatuta. Esku muturrak arazoak ematen dizkit. Sendagile eta fisioak esan didate geratzeko, baina orain ezin dut. Egun batean ongi daukat, baina hurrengoan ez hain ongi.

Santa Barbarako jaialdia lehiaketa baino, lagunarteko erakustaldia izaten da.

Erakustaldiak entrenamendu bezala ari gara hartzen. Normal, behar bezala entrenatzeko astirik ez dugu eta sasoia hartzeko balio digu.

Zer lan egingo duzu?

Esan bezala txapelketak prestatzen nabil eta biharko saioa baliatuko dut 63 kiloko zilindroarekin lantzeko, Mallabiako Torneoa prestatzeko. Horri begira 63 kiloko bolarekin ere jardungo naiz. Harri baldar bati ere emango dizkiot altxaldi batzuk, Igeldoko Harrian parte hartuko baitut abuztuaren 13an.

Aurten lehendabiziko aldiz neskek parte hartuko dute Trinitate plazan Igeldoko Harriarekin.

Hori da. Pasa den urtean egin zen aurkezpena. Ilusio berezia egiten du. Oso polita izango da horrelako txapelketa entzutetsuan parte hartzea. 2021ean gizonen txapelketa ikusi nuen eta nesken aurkezpena ere bai.

Urtebete daramazu harrijasotzen. Zer moduzko esperientzia da?

Oso polita. Hasieran probatu nuen eta nahiko gogorra egin zitzaidan. Teknika jakin gabe kolpez beteta amaitzen nuen. Entrenamendua eta gero gorputzaldi txarra geratzen zitzaidan. Denborarekin teknika hartzen ari gara eta orain asko gozatzen dut.

Bi Harri txapelketan egin zenuen debuta eta aurtengo udan asteazkenero Zarautzen erakustaldiak ari zarete egiten.

Esperientzi ederra da. Jende asko biltzen da eta ezagunak ere bai. Plazan ohitura hartzeko ezinhobea. Astigarragan ere giro aparta egon zen.

 

San Inazioak bueltan dira Santa Barbaran

Bi urte eta gero aurten indartsu itzuliko da festa herrikoia meza, herri kirolak, bertsolari, omenaldi, trikitilari eta bazkariarekin.

Pandemiaren eraginez azken bi urtetan San Inaziorik ez da ospatu Santa Barbaran, baina aurten ohitura zaharra berreskuratuko da bihar indarrarekin. Taberna itxita egongo da, baina edaria jarriko dute. Jakirik ez da egongo eta etxetik eman beharko da otordua. Hori bai, egitarauan ez dira faltako trikitilariak, meza, lore eskaintza, omenaldia, bertsolariak eta herri kirolak. Elutxetan bazkari herrikoia ere izango da eta Saretxon ere bazkariak emango dira. Bai batean eta bai bestean trikitilariak izango dira.

 

EGITARAUA

SAN INAZIO FESTA 2022

BIHAR

11:00 Trikitilariak. Elaia Diaz Beroz eta Eider Garro.

11:30 Lore eskeintza.

11:45 Omenaldia.

12:00 Meza.

13:00 Herri kirolak. Suharri Rodriguez 'Paolla', Jokin Urretabizkaia 'Basozabal', Lierni Osa, Ainhitze Zumeta, Iraitz Arruti, Xabat Arruti, Aiert Rodriguez 'Paolla', Iñaki Lekuona.

13:00 Bertso saioa. Agin Laburu eta Ekain Tolaretxipi.

14:30 Herri bazkaria Elutxetan. Fritoak, bakailu tortila, entsalada, saiheskia, gazta, intxaurrak, kafia. 25 euro. Enkargatzeko 676 55 86 96 telefonora deitu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!