Arratsaldetik gauera bitartean, txikientzat zein helduentzat gozamenerako parada, gaurkoan

Kronika - Erredakzioa 2022ko uzt. 29a, 00:00

Naturarekin jolasten jardun zuten atzo, txikiek.

Gaurkoan euria eginez gero, ekintza guztiak Atsegindegin egingo dira. Arratsaldeko 16:00etan izango da lehenengo ekintza, gaztetxoentzat.

Atzo, sekulako arratsaldea igaro zuten Udaparkean egitasmora bertaratu zirenek. Etxeko txikiek, naturarekin jolasteko aukera izateaz gain, Bidearen amaieran antzerkiarekin ere gozatu ederra hartu zuten, familia giroan; eta gauean, Aukeran dantza taldearen Hurrengo geltokia ikuskizun ederrak Ave Maria argitu zuen. 

Gaur Udaparkean egitasmoko bigarren eguna izanik, arratsaldetik gauera bitartean, hainbat ekintza egingo dira. Hasteko, arratsaldeko 16:00etarako, Bubbles jolasa antolatu da. Eta 17:00etan, berriz, haurrentzako jolasak hartuko du nagusitasuna. Ekojolasak izango dira hauek, Plisti-plastak dinamizatuta. Tailer hau, material natural desegituratuekin hornitutako txoko ezberdintasunaz osaturik dago. Arratsaldeko 20:30etan, berriz, Rojo Telon taldeak, Nudo izeneko emanaldi ikusgarria eskainiko du, bertaratzen direnei aho zabalik uzteko asmotan. Eta gaurko ekintzei amaiera emango die Neomak taldeak eskainiko duten kontzertuarekin, 22:00etan hasita.  

 

Bihar, Udaparkean egitasmoaren azken eguna 

Bihar izango da 2022ko Udaparkean egitasmoaren azken eguna, eta lau jarduera antolatu dira, larunbata behar bezala ospatzeko. Arratsaldeko 17:30tan, hartubolean ariko dira Goiz Eguzkiko helduak, kiroldegian, eta bertaratzeko deia luzatu dute. Horrez gain, arratsaldeko 19:00etan, Yarleku taldeak, Numenak izeneko haurrentzako antzerkia eskainiko du. Behin Yarlekuk emanaldia amaituta, Zirkua-Clowni emango zaio hasiera, Mortelok eta Manzinik eskainiko dute, Fili Busters izeneko emanaldi ederra bezain ikusgarria. Eta Udaparkean egitasmoari agurra emateko, Dupla taldea oholtzaratuko da Ave Maria parkean, gaueko 22:00etan. k

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!