Hiru lagun atxilotuta larunbatean, Urumea Herrigunean lapurtzeagatik

Kronika - Erredakzioa 2022ko uzt. 27a, 00:00

Larunbat goizean gertatu zen lapurreta, eta eraikinetik ihes egitea lortu zuten egileek, baina Atzieta kalean atxilotu zituzten ondoren.

Hernaniko Udaltzaingoak aditzera eman duenez, hiru lagun atxilotu zituzten larunbatean, Urumea Herrigunea eraikinean lapurreta egiteagatik. Azaldu dutenez, eraikinean bizi den lagun batek deitu zien, esanez hiru lapurrak bere logelan sartu zirela indarrez, ateari ostikoa emanda eta kalteak sortuta, barruan lapurtzeko asmoarekin.

Eraikineko beste hainbat tokitan ere sortu zituzten kalteak, lapurreta egiteko. Bi ate behartu zituzten, besteak beste. Eta igogailua baliatu nahi izan zuten ihes egiteko, baina horretaz ohartuta, argindarra moztu zuen deitzaileak, hiru lapurrak barruan harrapatuta utziz. Orduan, igogailuaren atea behartu zuten burdinezko erraminta batekin, eta ihes egitea lortu zuten, Atzieta kaleruntz. Udaltzaingoak Ertzaintzaren laguntza eskatu zuen, Atzieta kalean identifikatu zituzten lapurretaren egileak, eta atxilotu egin zituzten, etxebizitza batean indarkeriaz sartzea egotzita.

Beste aktuazio bat, astelehen arratsaldean

Bestalde, astelehen arratsalde­an, beste aktuazio bat izan zuen Hernaniko Udaltzaingoak, Andre Kalean. Azaldu dutenez, mozkortuta zegoen gizon batek edalontzi edo botila bat bota zuen taberna baten kontra, eta kalteak eragin zituen. Ondoren, kalean zeuden herritarrei enbarazu egiten aritu zen, eta emakume bati poltsa lapurtzen saiatu zen, tiraka. Plaza Berri parean erretenitu zuten gizona udaltzainek, eta eskuburdinak jarrita eduki zuten tarte batez, arrisku gehiago sortuko ez zuela eta lagun batek lekutik eramango zuela ikusi zuten arte. Ordu­an, aske utzi zuten gizona. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!