Ave Maria parkean hamaika ekintza bihartik, Udaparkean egitasmoarekin

Kronika - Erredakzioa 2022ko uzt. 27a, 00:00

'Hurrengo geltokia' ikuskizuna eskainiko du Aukeran dantza konpainiak, bihar

Hiru eguneko egitaraua prestatu dute, eta haur jolasak, antzerkia eta dantza izango dira bihar.

Bueltan da Udaparkean egitasmoa, Hernaniko Ave Maria parkean. Hiru eguneko egitaraua prestatu dute, bihar hasi eta larunbatera bitarte, hamaika ekintzarekin, aisialdiaz parkean gozatu ahal izateko.

Adin guztietarako jarduerak izango dira hiru egunetan, arratsaldetik gauera. Bihar, esaterako, haurrentzako jolasak izango dira aurrena, 17:00etan hasita, Txatxilipurdi elkartearen dinamizatuta. Ondoren, familia osoarentzako antzerki saioa eskainiko du Hortzmuga konpainiak: Bidearen amaieran, 19:30etan hasita. Eta eguna borobiltzeko, Hurrengo geltokia dantza ikuskizuna eskainiko du Aukeran konpainiak, 21:30etatik aurrera.

Ostiralean eta larunbatean, berriz, jolasak edota antzerkia izango dira haur eta gaztetxoentzat, Dupla taldearen kontzertua gazteentzat, eta hartubola probatzeko saioa, zirku ikuskizunak eta Neomak taldearen kontzertua, nahi duten guztientzat.

Egitaraua aprobetxatuz, afari-meriendak egiteko aukera polita izango dela azaldu dute antolatzaileek, eta jan-edana ere eskuragarri egongo da. 

 

UDAPARKEAN 2022

AVE MARIA PARKEAN

UZTAILAK 28, osteguna

17:00, Jolasak: naturan jolasean, Txatxilipurdi elkarteak dinamizatuta. Jolas sinbolikoak (0-4 urtekoentzat), eta naturako elementuekin jolasean (5 urtetik gorakoentzat).

19:30, Antzerki familiarra: Bidearen amaieran, Hortzmuga konpainiaren eskutik.

21:30, Dantza: Hurrengo geltokia, Aukeran konpainiaren eskutik.

UZTAILAK 29, ostirala

16:00, Jolasak: Bubble balls.

17:00, Haur jolasak: Ekojolasak, Plisti-Plastak dinamizatuta. Material natural desegituratuarekin hornitutako txoko ezberdinez osatutako tailerra (0-12 urtekoentzat).

20:30, Zirkua: Nudo, Rojo Telón konpainiaren eskutik.

22:00, Neomak taldearen kontzertua.

UZTAILAK 30, larunbata

17:30, Hartubol, Goiz Eguzki elkartearen eta Hernani Kirol Elkartearen eskutik.

19:00, Haurrentzako antzerkia: Numenak, Yarleku konpainiaren eskutik.

20:30, Zirkua-Clown: Fili Busters, Mortelo & Manziniren eskutik.

22:00, Dupla taldearen kontzertua.

*Euria eginez gero, Atsegindegira mugituko dituzte ekintza gehienak ('Numenak', Biterira)

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!