Estropada ederra baina sari exkaxa, Maialenek

Kronika - Erredakzioa 2022ko uzt. 26a, 00:00

Zazpigarren postuan bukatu zuen Hernanik Errenterian, hirugarren sailkatua ere gertu zuela, soilik 14 segundura.

Maila onean aritu zen Hernaniko Maialen trainerua, beste behin, Emakumeen Traineru Elkartearen Ligako zortzigarren estropadan. Larunbatean jokatu zuten, Errenterian, Oiartzun ibaian behera eta gora. Baina estropada ona jokatu arren, sari exkaxarekin bueltatu ziren hernaniarrak etxera, zazpigarren postuan bukatu baitzuten.

11 minutu eta 26 segunduko denboran osatu zuen estropada Maialenek, eta hirugarren sailkatua bera ere, gertu izan zuen azkenean, denborei dagokienean: 11 minutu eta 12 segundu behar izan zituen Hondarribiak, Hernanik baino 14 segundu gutxiago. Haren atzetik sailkatu ziren Zarautz (11:13), Zumaia (11:13) eta Ondarroa (11:22). 

Hori horrela, gehiago urrundu zaio Zarautz Hernaniri, ETE Ligako seigarren postua lortzeko lehian. Une honetan, 29 punturekin dago Hernani, zazpigarren; eta 34 puntu dauzka Zarautzek, seigarren postuan. Ondarroa bosgarrena ere, puntu bat urrutiago dago orain, 39 punturekin. Edonola ere, bide luzea daukate aurretik, oraindik. Izan ere, zazpi estropada gehiago jokatu beharko dituzte, abuztuaren bukaerara arte. Hurrengoa Camargon, Cantabrian, larunbat honetan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!