'Pirata Garrapataren abenturak' ostiralean, Portu auzoko plazan

Kronika - Erredakzioa 2022ko uzt. 26a, 00:00

Garrapata pirataren bisita jasoko dute Portuko auzotarrek, ostiralean.

'Udan kulturaz blai' egitasmoaren baitan antolatu dute, arratsaldeko 18:30etan Ibarrolaburu plazan.

Hitzordu berezia daukate Portuko auzotarrek ostiral honetan; bereziki, etxeko txikienek. Izan ere, Pirata Garrapataren abenturak emanaldiaz gozatzeko aukera izango dute arratsaldean, Patata Tropikala konpainiaren eskutik. Ibarrolaburu plazan eskainiko du emanaldia Garrapata piratak, 18:30etan hasita.

Ohi bezala, kultur ekintzak antolatzeari ekin dio Portuko Auzo Elkarteak, udarako oporraldirako. Eta Udan kulturaz blai egitasmoaren baitan prestatu dute ostiralekoa, haur eta gaztetxoei zuzendutakoa.

Antzerkia, magia eta txotxongiloak uztartuko ditu emanaldiak, eta horiek baliatuko ditu Garrapata piratak, gai jakin bati buruz hitz egin eta hausnartzeko: kutsadurak itsasoan duen eragina. 4 eta 8 urte bitarteko haurrei zuzendutako emanaldia da, bereziki.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!