ETE Ligako zortzigarren estropada gaur Errenterian, Maialen traineruak

Kronika - Erredakzioa 2022ko uzt. 23a, 00:00

Maialen trainerua, aurreko estropada batean. Argazkia: Aitor Urkia Etxeberria

Eguerdiko 13:15etan jokatuko da estropada, erlojuaren kontra. Bestalde, bazkide kanpaina martxan dauka Hernaniko Arraun Elkarteak.

Beste estropada bat izango du Hernaniko Maialen traineruak, asteburu honetan. Emakumeen Traineru Elkartearen Ligako zortzigarrena jokatuko dute gaur, Errenterian, eguerdiko 13:15etan hasita. Erlojuaren kontra ariko dira, banaka, aurreko asteburuan Pedreñan bezalaxe. 

Beste aukera bat izango dute Errenterian hernaniarrek, azkeneko estropadetan hain gertu izan duten bosgarren postua lortzeko. Segundu exkaxera geratu ziren Portugaleten, eta lau segundura Pedreñan. Koxka hori gainditzea dute helburu, eta baita sailkapen nagusian postu bat gora egitea ere, seigarren izateko, eta estropadetan aurreneko txandatik bigarrenera pasatzeko. Une honetan zazpigarren daude, 26 punturekin; eta Zarautz dago seigarren, 28 punturekin.

 

Bazkide kanpaina, martxan

Bestalde, bazkide kanpaina martxan jarri du Hernaniko Arraun Elkarteak, Palada txiki askorekin, helburu handiak lortu ditzakegu! lelopean. 30 eurokoa da bazkidetza, eta hernaniarrauna.com webgunean aurkitu daiteke informazio guztia Egin zaitez bazkide atalean.

Gainera, taldearen zapiak eta banderak salgai dituela ere jakinarazi du elkarteak, trainerua modu ezberdinetara animatzeko: «estropadetara zapi berde bat lepoan eramanez, edo etxeko balkoitik taldea bultzatuz». Zapiak 3 euroan daude salgai, eta banderak 15 euroan, herriko lau tokitan: Gunea, Joxe Mari eta Zinko Enea tabernetan, eta Txantxilla kafetegian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!