Informazioa emateko eta kexak biltzeko mahaia, Mugi plataformak

Kronika - Erredakzioa 2022ko uzt. 22a, 00:00

«Eraitsitako gurutze bakoitza askatasunaren alde eroritakoen oroimen lekua bihurtu dugu» nabarmendu du Ernaik.

Ernai gazte erakundeak Buruntzako gailurrean Aurrean Gara Gu leloa daraman plaka bat jarri berri du. Buruntzan eraitsitako gurutzea ez ezik, Arabako eta Bizkaiko beste zenbait lekuetan frankismoan zutitutako gurutzetan eta beren inguruetan zenbait gazte plakak ipintzen ibili dira. Gazte erakundeak sare sozialetan zabaldutako bideo-montajean azaldu duenez, «eraitsitako gurutze bakoitza askatasunaren alde eroritakoak oroitzeko ikur bat bihurtu dugu». 

Buruntzako plakan honako testua aurkitu daitekeela ziurtatu du Ernaik: «Aurrean gara gaur. Ernaik Buruntzako gurutze frankista eraitsi zuen hemen. Faxismoaren gorazarre lekua izatetik, askatasunaren alde eroritakoen oroimen lekua bihurtu dugu. Izan dadila Euskal Herri aske eta antifaxistarena ere bai». 

Ernaik Buruntzako gurutzea iazko abenduaren 18an bota zuen lurrera, eta geroztik, Abokatu Kristauen elkarteak gazte erakundearen aurka salaketa jarri zuen Tolosako epaitegian: «erlijio sentimenduen aurkako delitua egin izana, gorrotoa bultzatzea, ondareari kalteak egitea, eta guztia legez kanpo elkartzearen larrigarriarekin egin izana aipatu zituen salaketan Abokatu Kristauen elkarteak». 

Bertako epaile batek, Ernaiko legezko ordezkaria deklaratzera deitu zuen, hitzordua uztailaren 18an jarriz, duela lau egun. Horrez gain, Ane Alaba gazte antolakundearen bozeramaileak Naiz irratiari eskainitako elkarrizketan adierazi zuenez, antzeko ekintzekin jarraitzeko asmoa daukate: «guk borroka horretan jarraitu behar dugu, Udaletik eta Gobernuetatik ez badute egiten».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!