Gaur emango zaio hasiera Sarek antolatutako bizikleta itzuliari

Kronika - Erredakzioa 2022ko uzt. 22a, 00:00

Uztailaren 11n egin zuen prentsa agerraldia Sarek, Lasarten.

Igandean, Sarek antolatutako bizikleta itzulia Buruntzaldeatik igaroko da, eta hitzordua jarri dute 11:30etan Errekalden «denok bat eginda Donostian elkartzeko».

Sarek antolatutako 5garren Bizikleta itzuliari emango zaio hasiera, gaurkoan. Etxarrin abiatuko da, eta uztailaren 24an, Donostian amaituko da: «aurtengoan berriro ere, jarraian igaroko ditugun hiru egun eta etapez osatutako martxa izango da, azken bi urteetan ez bezala pandemia dela eta» azpimarratu dute Sareko kideek. 

Aipatu moduan, Etxarrin (Nafarroa) hasiko da itzulia gaur eta Durangora arte izango da lehenengo etapa. Bihar, Durangotik abiatu eta Azpeitiara joango dira, pedalkadaz pedalkada. Etzi, Azpeitiatik Donostiarako bidea egingo dute, eta azken etapa, Usurbildik eta Lasarte Oriatik izango da: «bertan batuko gara bizikleta martxara, goizeko 11:30etan Errekalden, denok bat eginda Donostiara abiatzeko». 

 

'Etxera bidea gertu! lelopean eta pedalpean 

Aurten, Etxera bidea gertu! lelopean egingo du itzulia Sarek: «Espetxe politikan ematen ari diren aldaketek etxera bidea egiteko aukera parez pare zabaldu dutelakoan baikaude eta honek, kalean, forma eta modu anitzetan, elkartu eta euskal herriratzeei zein salbuespen politiken amaierari azken bultzada emateko beharrizana areagotu du. Aktibazio zibilari esker iritsi gara testuinguru berri honetara, eta berau muturrera eramateko bide horretan jarraitzea dagokigu, tira eta bultza. Horregatik diogu, etxera bidea egiteko gertu! garela, prest baikaude bidea helmugaraino egiteko». 

Beraz, Sarek, pedalkadekin bat egitera gonbidatu nahi ditu Urumea bailarako herritarrak: «igandean Buruntzaldean pedalkadak emateko batuko gara, goizeko 11:30etan, Errekalden».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!