«Okindegiko lanak aukera eman dit jendearekin egon eta esperientziak partekatzeko»

Kronika - Erredakzioa 2022ko uzt. 22a, 00:00

Duela aste gutxi jaitsi zuen Bikain okindegiko pertsiana, azkeneko aldiz, Kontsuelo Altuna amezketarrak. 40 urte dira Hernanira etorri zirela, eta erretiroa hartu berritan, hitz onak besterik ez dauzka, bezero izan dituenentzat.

Jaitsita ageri da Bikain okindegiko pertsiana, Elkano kalean, duela aste batzuetatik hona. Erretiroa hartu du Kontsuelo Altunak, bertako arduradunak, lau hamarkadatako ibilbidearen ondoren. Hernaniarren «eskuzabaltasuna» eta bezeroekin izandako harremana nabarmendu ditu: «familia-belaunaldiak ezagutu izan ditut!», adierazi du. Haiei guztiei, eskerrak eman dizkie, «bihotz-bihotzez». Gero eta beltzagoa ikusten du okindegien etorkizuna.

 
Urte asko eman dituzu  Bikain okindegian...

Jada 40 urte dira Amezketatik Hernanira etorri ginela. Esperientzia oso ona izan da. Nahiz eta herri txiki batetik herri haundi batera salto egin, hernaniarrek beti hartu izan gaituzte oso eskuzabal.

 

Zer eman dizu lan honek?

Lanak egunerokotasunean jendearekin egoteko eta beraiekin esperientziak partekatzeko aukera eman dit. Jendearen berotasuna beti sentitu izan dut eta hori oso eskertzekoa da.

 

Erretiroa hartu berri duzu. Aukera berriak emango dizkizu horrek, ezta?

Erretiroarekin batera, niretzako denbora libre gehiago izateaz gain, familiarekin eta lagunekin gozatzeko eta lasaiago egoteko aukera izango dut.

Nolakoa izan da Bikain okindegiko lana?

Lana gogorra izan da, egunero-egunero goizeko 5etan jeiki behar izaten bainuen eta urtean zehar ez nuen ia deskantsurik izaten. Oso lan lotura handia dauka... Baina aldi berean, bezeroak beti izan dira oso gertukoak eta horrek lana erabat errazten zuen.

 

Nolakoa zen egunerokotasuna okindegian, eta nolakoa da orain?

Egunero lana oso antzekoa zen; bezeroa sartu orduko banekien zer nahi zuen. Familia-belaunaldiak ere ezagutu izan ditut eta! Hori ez da aldatu!

 

Gustatuko litzaizuke lokala beste norbaitek hartu edo erabiltzea?

Pozik egongo nintzateke, lokala beste norbaitek erosi, eta bertan guk izan dugun zortea izango balu.

 

Bezeroekin tratu estua egingo zenuen. Nolakoa izan da harremana?

Paregabea, gertukoa, beroa, egunerokoa... Egia esan, zorte haundia izan dut bezeroekin.

 

Bezeroek pena hartuko zuten, Bikain itxiko delako...

Bai, ziurrenik askok pena hartuko zuten; niri batzuek hori jakinarazi didate. Azken finean, 40 urtetan zehar beraien mahai gainean egon izan gara, eta hori ezin da egun batetik bestera ahaztu.

 

Zer nolako egoeran daude okindegiak, gaur egun? Eta nola ikusten duzu haien etorkizuna?

Okindegien egoera asko zaildu da gaur egun; izan ere, edozein lekutan saltzen da ogia. Baina benetako ogiak okindegietan egiten direnak dira... Ez du zerikusirik supermerkatuetako ogiarekin. Hori gure bezeroek badakite eta horregatik etortzen ziren gurera. Okindegietako ogia benetan sanoa da, baina etorkizuna geroz eta beltzagoa da.

 

Zein dira zure asmoak hemendik aurrera?

Orain asmoa izango da lasaiago bizi eta lagun eta familiaz, bereziki bilobez gozatzea izango da.

 

Zer esan nahiko zenieke, Bikain okindegiko bezero izan direnei?

Eskerrak eman nahiko nizkieke, gure bezero izan diren guztiei. Eskerrik asko bihotz-bihotzez, urte hauetan guztietan guregana gerturatu zaretenoi! Eta baita gurekin lanean aritu direnei ere, beraiei esker atera baitugu aurrera Bikain okindegia.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!