Gran Fachara eta Pico Tebarraira, asteburuan

Kronika - Erredakzioa 2022ko uzt. 20a, 00:00

Gran Facha izango da asteburuan igoko duten gailurretako bat.

Izena emateko aukera bihar arte izango da, eta Mendiriz Mendiko bulegora bertaratuz eman daiteke.

Uztailaren 23rako, 24rako eta 25erako irteera antolatu du Mendiriz Mendi elkarteak. Irteera hau helduei zuzendutakoa izango da, izan ere, Gran Facha (3.005 metro) eta Pico Tebarrai (2.886 metro) mendiak igoko dituzte. 

Irteerarako, hainbat prezio ezarri dituzte elkarteko kideek: 140 euro FEDME lizentzia duten bazkideentzat; 160 euro FEDME lizentzia ez duten bazkideentzat; eta azkenik, bazkide ez direnek 15 euro gehitu beharko dizkiete prezio horiei. Prezio hauetan sartzen da, autobuseko bidaia, 2 gau aterpean, eta 2 afari.  

Horrez gain, ohar garrantzitsu bat azpimarratu du Mendiriz Mendik: «irteeran parte hartzeko mendian federatuta egotea derrigorrezkoa da; eta plaza mugatuak dauzkagu».

 

Irteeran izena emateko aukera, bihar arte 

Sekulako asteburua pasa nahi duenak eta mendira joateko gogoz dagoenak, bihar arte izango du aukera Mendiriz Mendik antolatutako irteera honetan izena emateko, elkartera bertaratuta. 

Irteera ostiral goizean egingo dute, goizeko 09:00etan, Atsegindegin.

Informazio zehatzagoa nahi izanez gero, Mendiriz Mendiko bulegora bertaratzeko aukera egongo da ostegunean, arratsaldeko 20:00etatik 21:00etara.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!