Bizikleten konponketarako bi gune jarri ditu Hernaniko Udalak, kalean

Kronika - Erredakzioa 2022ko uzt. 20a, 00:00

Ane Ibarburu eta Igor Uranga kiroldegiko konponketa gunean, atzo

Urbieta kaleko gunean, gurpilak puzteko gailua jarri da, eta zuzenean erabili ahal izango da, txanponen beharrik gabe. 

Bizikleten konponketarako bi gune ezarri ditu Jarduera Fisikoa eta Kirol Sailak. Bat, kiroldegiaren ondoan, eta bestea, berriz, Urbieta kalean, oinezko bihurtutako eremuan, hain zuzen ere. 

Hernaniko Udalak aditzera eman du, mugikortasun jasangarria eta jarduera fisikoa sustatzen duen konpromisoaren isla dela zerbitzu berri hau. 

Zutabe modu bat da kiroldegiaren ondoan jarritako gunea eta bertan, bizikleta atontzeko oinarrizko tresnak dauden herritarren eskura, besteak beste, bihurkina, tork eta allen giltzen sorta, giltza finkoa, giltza ingelesa, desmuntagarriak eta puzgailua. Bizikletetarako ez ezik, ume-kotxeen eta gurpildun aulkietarako ere balio dute erremintak. 

Ane Ibarburu Jarduera Fisikoa eta Kirol Saileko zinegotziak, bizikleten konponketarako gunearen erabilera azaldu du: «gune honek ate bat du aurrealdean, eta irekitzeko eta barruan dauden erremintak erabiltzeko, txanpon bat bota behar da. Behin konponketa eginda, atea itxi eta txanpona berreskuratuko da; supermerkatuetan erosketa-karroak erabiltzeko baliatzen den oso antzeko sistema da, finean». 

Urbieta kalean, berriz, gurpilak puzteko gailua jarri da, eta zuzenean erabili ahal izango da, txanponen beharrik gabe.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!