Imanol Ansak eta Xabier Azpirozek jantzi dute San Fermin Torneoko txapela, final ikusgarrian

Kronika - Erredakzioa 2022ko uzt. 17a, 00:00

Juanenea, Ezkurra, Azpiroz eta Ansa, sariekin. Argazkia: Maialen Andres

Urnietarrak eta uitziarrak 30-26 irabazi zuten, ostiral arratsaldean Galarretan, Josetxo Ezkurraren eta Aritz Juanenearen kontra.

Imanol Ansa urnietarrak eta Xabier Azpiroz uitziarrak jantzi dituzte aurtengo San Fermin Torneoaren txapelak. Final oso lehiatuan, 30-26 menderatu zituzten Josetxo Ezkurra doneztebarra eta Aritz Juanenea saldiastarra, ostiral arratsaldean Galarretan.

Ikusgarria izan zen finala, bereziki azkeneko 10-15 tantoetan. Bi zati oso ezberdin izan zituen partiduak. Oso ondo ekin zioten partiduari gorriek: Ansa agintzen, eta Azpiroz oso seguru atzean. Eta gehiago kosta zitzaien Ezkurrari eta Juaneneari, ezin bere jokoa aurkitu. Horrela, tartea egin zuten gorriek hasieratik, eta 10 tantoren aldea ere izan zuten markagailuan (22-12). Baina hortik aurrera, protagonismo haundiagoa izan zuen Juaneneak, eta gutxiago sartu zen jokoan Ansa: sei tanto lortu zituzten segidan urdinek, eta asko gerturatu ziren (22-18). Parekatu egin zen finala orduan, baina bere maila onenera bueltatu zen Ansa, eta tanto ikusgarriak egin zituen bukaeran, bereziki bi paretaz: 29-25koa sekulakoa izan zen, txapa gainean jo eta zabaleko marraren ondo-ondoan bote egin zuena, abiadura ikaragarrian. Berak lortu zuen azkeneko tantoa ere, errebotean.

Urnietarra izan zen partiduko pelotaririk onena, 17 tanto lortu eta soilik bi huts eginda. Bere aurreneko txapela lortu du horrela, hainbat final jokatu ondoren. Ondo lagundu zion Azpirozek, errebotetik pelota asko ekarrita, eta sei tanto lortuta, beste bi hutsekin. Ezkurrak 15 tanto lortu zituen, eta lau huts; eta Juaneneak zazpi tanto eta hiru akats. Faboritoak izan ziren nagusi, eta torneo bikaina borobildu zuten txapelarekin, baina partiduaren erdialdera zirudiena baino nabarmen gehiago kostata, kontrarioek ez zutelako inoiz amore eman.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!