'rr #5 marrak' emanaldia eskainiko du Maialen Lujanbiok datorren ostegunean, Santa Barbaran

Kronika - Erredakzioa 2022ko uzt. 17a, 00:00

Maialen Lujanbio, San Antoniotako bertso jaialdian, EreƱotzun.

Gaueko 21:30etan izango da, Santa Barbarako gotorlekuan. Sarrerak bertan eskuratu beharko dira. Ondoren, DJ Daken musika saioa izango da.

Datorren ostegunean eskainiko du Maialen Lujanbiok etxean, Hernanin, dagoeneko beste hainbat herritan plazaratu duen emanaldia: rr #5 marrak. Eta eszenatoki berezi batean egingo du, gainera, Santa Barbarako gotorlekuan jarri baitute hitzordua, gaueko 21:30etan hasita.

Bertan eskuratu beharko dira emanaldirako sarrerak ere, eta informazio gehiagorako, Hernaniko Udaleko Berdintasun Sailera deitu daiteke: 688 679 599. Euria egingo balu, Kulturarteko Plaza Feministan izango litzateke saioa, aurreratu dutenez.

Lujanbioren saioaren ondoren, gainera, musika ere izango da, DJ Daken eskutik.

«Garaiaren erradiografia mugitu bat», emanaldian

2018an eskaini zuen emanaldia aurrenekoz, eta lau saio egin zituen orduan, rr izenburuarekin. Miren Artetxe bertsolariak eskatuta berreskuratu du emanaldia, «orduko kontzeptuarekin, baina nahiko eraberrituta». Hortik dator izenburu berria: 5 zenbakia, aurreko lau emanaldien segida delako oraingoa, nolabait; eta marrak, horiek direlako saio berriaren ardatza.

rr #5 marrak ema­naldian, «garaiaren erradiografia mugi­tu bat» eskainiko du Maialen Lu­janbiok, eta errezitalak, bertsolaritzak, li­­teraturak eta performanceak egingo dute bat: «seguru asko, hau da nik egin ditudan gauza desberdinen konbinazio bat, bai bertsolaritzarena, bai irratian egin dudan lanarena, bai soinu artearekin egindako esperimentuena, eta badauka Ornitorrinkus bezalako proiektuetan ikasitakoa ere. Maneiatu izan ditudan forma eta lengoaiak ditu, eta oso nirea sentitzen dut. Oso nire ditudan egiteko moduak daude hor», azaldu du. Azpeitian eskaini zuen aurrenekoz, eta hainbat sa­ioren ondoren, Hernanira eka­rriko du datorren ostegunean, eszenatoki paregabean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!