Bigarren astea osatuko du gaur Zikuñaga Papelera Torneoak

Kronika - Erredakzioa 2022ko uzt. 16a, 00:00

Gaur jokatuko du Josu Altunak.

Goizeko 11:00etan izango dira hiru partidu, kiroldegiko frontoian, eta Cisnerosek eta Altunak jokatuko dute. Arratsaldean, berriz, beste bi partidu izango dira, Iñigo Labaka tartean dela. Ez da aste ona izan Urumea bailarako esku pelotarientzat, zazpitik bik bakarrik irabazita.

Gaur osatuko dute, Hernaniko kiroldegiko frontoian, Zikuñaga Papelera Torneoaren bigarren astea. Goizeko 11:00etan hasita, hiru partidu jokatuko dituzte, hasteko. Horietako batean, nagusien mailakoan, ariko dira Ekaitz Cisneros eta Josu Altuna hernaniarrak, Otsabioko Garaibururen eta Goikoetxeaaundiaren kontra. Kadeteetan, berriz, aurrez aurre izango dira Lapkeko Kerejeta eta Igoa, eta Ilunpeko Azpiazu eta Astigarraga. Eta jubeniletan, azkenik, Oiarpeko Zabaleta eta Aranburu, Salaberriaren eta Goibururen kontra.

Eta arratsaldean, beste bi partidu jokatuko dituzte, 17:00etan hasita. Iñigo Labaka hernaniarra ariko da nagusietan, Orbegozo oriotarrarekin batera, Irurtzungo Armendarizen eta Lapkeko Azkarragaren kontra. Kadeteetan, berriz, aurrez aurre izango dira Lapkeko Kerejeta eta Igoa, eta Ilunpeko Azpiazu eta Astigarraga.

Ez da aste borobila izan, Urumea bailarako esku pelotarientzat. Izan ere, jokatu duten zazpietatik bik bakarrik lortu dute garaipena. Kadeteetan, 2-18 galdu zuten Unax Pascual eta Martin Alberdi hernaniarrek, Ilunpeko Azkueren eta Azpiazuren kontra; eta galdu egin zuen Xuban Goñi astigartarrak ere, Ilunpeko Larrañagarekin, Tolosako Insaustiren eta Castroren kontra (16-18). Jubeniletan, porrota jaso zuen Julen Deskarga hernaniarrak ere, Urdanpilleta lasartearrarekin, Lapkeko Kerejetaren eta Erauskinen kontra (16-18). Nagusietan izan dira emaitza onenak: Xabier Ortiz de Urbina hernaniarrak 18-8 irabazi zuen Urmenetarekin, Artetxeren eta Aranbururen kontra; eta Iñigo Urkizu hernaniarrak, Urruzola lagun, 18-11 menderatu zuen Iñigo Labaka herrikidea, Orbegozo bikotekide zuela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!