Hernaniko Auzozaintza programaren berri emango du alkateak, Zaldibian

Kronika - Erredakzioa 2022ko uzt. 15a, 00:00

'Zaintzen gaituzten herriak' mahai inguruan hartuko du parte Xabier Lertxundik, gaur, EHUko udako ikastaro baten baitan.

Hernaniko Auzozaintza programaren berri izango dute, gaur bertan, Euskal Herriko Unibertsitatearen udako ikastaro bateko partehartzaileek. Izan ere, Zaintzen gaituzten herriak mahai ingurua egingo dute gaur, eta bertan hartuko du parte Xabier Lertxundi alkateak, Zaldibiako, Usurbilgo eta Segurako alkateekin batera. Mahai inguru horretan aurkeztuko du Auzozaintza programa, Hernani Burujabe proiektuaren barruan garatzen ari direna.

Gizartea bere espazio publikoen antolakuntza eta eraldaketan ikastaroaren baitan egingo dute saioa. EHUk antolatu du ikastaroa, uztailaren 7tik 15era; eta Xotil Natke Miguez eta Koldo Telleria Andueza arkitektura irakasleek antolatu eta zuzendu dute. Ikastaroaren helburua da, espazioaren diseinuan hartu beharreko neurriak aztertzea, herri burujabeak eraikitzeko.

Ikastaroaren azkeneko ekintza izango da mahai ingurua, eta lau alkateetako bakoitzak aurkeztuko du bere herrian zaintzaren inguruan diseinatutako egitasmo bat, eta baita horren funtzionamendua azaldu ere. Ondoren, eztabaidaren bitartez, udalerrietako zaintzaren inguruan hausnarketa kolektiboa sustatzea izango da asmoa, sortzen ari diren egitasmo berriak saretu eta elkarren eraginez leku ezberdinetara eramateko.

Izan ere, nabarmendu dutenez, espazioa antolatzeko garaian, «gero eta ohikoagoa da haurrak, helduenak eta behar bereziak dituzten pertsonak aintzat hartzea, herri burujabe eta seguruak eraikitzeko bidean». Hori horrela, gero eta ugariagoak dira «elkarren arteko zaintzara bideratutako proiektuak».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!