Hamaika aukera uztaileko azkeneko astean, aisialdiaz parkean gozatzeko

Kronika - Erredakzioa 2022ko uzt. 15a, 00:00

Udaleko sail ezberdinetako ordezkariak, Ave Maria parkean atzo, Udaparkean egitasmoaren aurkezpenean.

Beste edizio bat izango du Udaparkean egitasmoak, uztailaren 28an, 29an eta 30ean. Jolasak, kontzertuak eta zirku zein dantza emanaldiak izango dira Ave Maria parkean.

Bueltan da Udaparkean egitasmoa, beste urte batez, Hernaniko Udaleko sail ezberdinek elkarlanean antolatuta. Horrela, jolasak, kontzertuak, dantza zein zirku emanaldiak eta antzezlanak izango dira aukeran, aisialdiaz ingurune naturalean gozatzeko. Uztailaren 28an, 29an eta 30ean egingo dituzte, ostegunetik larunbatera, Ave Maria parkean.

Atzo aurkeztu zuten egitasmoa, Kirola, Kultura eta Gazteria sailetako ordezkariek, Ave Marian bertan. Eta nabarmendu zuten, arratsaldea pasa eta afari-meriendak egiteko toki aproposa dela, eguraldiak lagunduz gero (janaria ere eskainiko dute bertan). Asmo horrekin prestatu dituzte hamaika ekintza, hiru egun horietarako.

Kirol sailetik, Bubble balls izeneko jolasa ekarriko dute parkera, ostiralean. Atsegindegin egin zuten San Joanen aurretik, eta Ave Marian errepikatuko dute, «toki aproposa» delako, haurrak horiekin jolasean aritzeko. Lau orduko saioa izango da. Larunbatean, berriz, hartubola probatzeko aukera izango da, «herrian indarra hartzen ari dena». Adin guztietako jendeari zuzendutako saioa izango da, Goiz Eguzkiren eta Hernaniko boleibol taldearen eskutik. 

Beste hiru ekintza antolatu ditu Gazteria sailak. Ostegunean, Txatxilipurdi elkarteak dinamizatuta, jolasak egingo dituzte, «parkeak eskaintzen dizkigun baliabideak aprobetxatuz». Bi adin tartetarako (0-4 urte eta 5 urtetik gora) txoko bana prestatu dute, eta helduek zein adinekoek ere hartu dezakete parte. Jolasak izango dira ostiralean ere, ekojolasak, Plisti-Plastaren eskutik. Adin tarte bakoitzerako, jolas ezberdinak prestatuko dituzte haiek ere, «material desegituratuarekin hornitutako txokoak» egokituz. Eta azkenik, gazteei zuzenduta, Dupla taldearen kontzertua antolatu dute: «erritmo bizia daukate, errima asko lantzen dute, eta estribillo oso itsaskorrak dauzkate. Bigarren diskoa argitaratu berri dute, eta kontzertu interesgarria izango da».

Eta beste hainbat emanaldi antolatu dituzte Kultura sailetik ere, «arte eszenikoen egitarau aberatsa eta anitza prestatzeko asmoz». Bina saio antolatu dituzte egunero. Ostiralean, Hortzmuga antzerki konpainiaren Bidearen amaieran emanaldia izango da aurrena, eta Aukeran dantza taldearen Hurrengo geltokia ondoren. Zirkuarekin emango diote segida, ostiralean, Rojo Telónek eskainiko duen Nudo ikuskizunaren bitartez, aireko eta lurreko akrobaziak egingo dituzte hiru emakumerekin. Neomak taldearen kontzertua izango da ondoren: zazpi emakume, mu­sikaren oinarri tradizionaletik abiatuta, emanaldi berritzailea eskainiko dutenak. Eta larunbatean, azkenik, familia osoarentzako bi emanaldi: Numenak haurrentzako antzerkia, Yarleku konpainiaren eskutik; eta Mortelo eta Manziniren zirku eta pailazo ikuskizuna, Fili Busters izenekoa.

UDAPARKEAN 2022
AVE MARIA PARKEAN

UZTAILAK 28, osteguna

17:00, Jolasak: naturan jolasean, Txatxilipurdi elkarteak dinamizatuta. Jolas sinbolikoak (0-4 urtekoentzat), eta naturako elementuekin jolasean (5 urtetik gorakoentzat).

19:30, Antzerki familiarra: Bidearen amaieran, Hortzmuga konpainiaren eskutik.

21:30, Dantza: Hurrengo geltokia, Aukeran konpainiaren eskutik.

UZTAILAK 29, ostirala

16:00, Jolasak: Bubble balls.

17:00, Haur jolasak: Ekojolasak, Plisti-Plastak dinamizatuta. Material natural desegituratuarekin hornitutako txoko ezberdinez osatutako tailerra (0-12 urtekoentzat).

20:30, Zirkua: Nudo, Rojo Telón konpainiaren eskutik.

22:00, Neomak taldearen kontzertua.

UZTAILAK 30, larunbata

17:30, Hartubol, Goiz Eguzki elkartearen eta Hernani Kirol Elkartearen eskutik.

19:00, Haurrentzako antzerkia: Numenak, Yarleku konpainiaren eskutik.

20:30, Zirkua-Clown: Fili Busters, Mortelo & Manziniren eskutik.

22:00, Dupla taldearen kontzertua.

*Euria eginez gero, Atsegindegira mugituko dituzte ekintza gehienak ('Numenak', Biterira)

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!