«Pozik gaude, taldea egunez egun erakusten ari den heldutasunarekin»

Kronika - Erredakzioa 2022ko uzt. 14a, 00:00

Maialen trainerua, Portugaleteko estropadetako batean.

Denboraldiaren aurreneko herena osatu du Maialen traineruak, eta egindako lanarekin gustura agertu da Alex Orena entrenatzailea.

Aurreneko hilabetea betetzear da traineru denboraldia, eta sei estropada jokatu ditu Hernaniko Maialen traineruak, dagoeneko, ETE Ligan. Saio bikoitza izan zuten aurreko asteburuan, Portugaleten; eta hobera egiten ari direla erakutsi zuten hernaniarrek. Izan ere, aurreko estropadetan zazpigarren sailkatu ondoren, seigarren izan ziren Portugaleteko bi estropadetan. Larunbatean, gainera, segundu bat baino gutxiagora izan zuten bosgarren sailkatua, Zumaia. 

Asteburuan egindako lanarekin gustura agertu da Alex Orena entrenatzailea: «bi estropada jokatu genituen, eta bietan lortu genuen seigarren postua, baina bi demak oso ezberdinak izan ziren. Larunbatean, bosgarren postutik segundu exkaxera geratu ginen, bikain. Igandean, aldiz, ez genuen zorterik izan kale zozketarekin. Hala ere, oso pozik nago neskek egin zuten lanarekin. Ez zuten amore eman, bukaeraraino aritu ziren borrokan, eta estropada polita osatu zuten, kale zail batetik», nabarmendu du.

Hori horrela, adierazi du «kontentu» daudela klubean, «taldeak eman duen mailarekin, eta baita egunetik egunera erakusten ari den heldutasunarekin ere».

 

Pedreñan hitzordua, larunbat honetan

Asteburu honetan jokatuko du ETE Ligako zazpigarren estropada, Maialenek. Kantabrian izango da, Pedreñan, larunbat arratsaldean; eta Marina de Cudeyo bandera izango da jokoan, 17:30etan hasita. Ohiko formatuan beharrean, erlojuaren kontra ariko dira oraingoan.

Ligako sailkapenean, zazpigarren postuan dago Hernani, oraindik; baina gora egin nahi dute, azkeneko estropadetan erakutsitako hobekuntzari eutsiz. 22 puntu dauzkate hernaniarrek, eta 23rekin dago Zarautz, seigarren. Urrutiago daude Ondarroa, 32 punturekin bosgarren; eta Zumaia, 36 punturekin laugarren.

Edonola ere, denboraldiaren bi heren dauzkate jokatzeko, abuztuaren bukaerara arte. Beste zortzi estropada izango dira, Pedreñakoaren ondoren. Hilabete honetan jokatuko dituzte bi gehiago, 23an Errenterian eta 30ean Camargon. Eta bete-betea datorkie abuztua, sei estropadarekin: Ondarroa (abuztuak 6), Hondarribia (7), Castro Urdiales (13), Zarautz (20), Bilbo (21) eta Erandio (28). k

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!