Hernaniko hainbat gunetako argiteria berritzen ari dira, eta 406 argi berri jarriko dituzte

Kronika - Erredakzioa 2022ko uzt. 14a, 00:00

191 argi berrituko dituzte Kaxkoan.

Ia argi berrien erdiak jarriko dituzte Kaxkoan, energetikoki eraginkorragoak eta telekudeaketa sistemarekin. 305.234,61 eurokoa da inbertsioa.

Argiteria publikoa berritzen ari da Hernaniko Udala, herriko hainbat gunetan: Kaxkoan, Antziolako errotondan, Karabeleko Oleta plazan, eta Lastaola eta Zubiondo poligonoetan. Guztira, 406 argi berri jarriko dituzte, eta 305.234,61 eurokoa izango da aurrekontu totala. Lau hilabeteko iraupena izango dute argiteria osoa berritzeko lanek.

Argi berrien ia erdiak, Kaxkoan jarriko dituzte, 191 guztira: 189 ordezkatu, eta bi argi berri jarri. Kaxkoko bost kale eta plazatan berrituko dute argiteria: Tilosetan, Plaza Berrin, Andre Kalean, Kale Nagusian eta Atzietan. Gainera, telekudeaketa sistema jarriko dute Kaxkoko argiterian, eta beraz, ordenagailu bidez piztu, itzali eta intentsitatea moldatu ahal izango dute. «Sistema horri esker, eta eraginkortasun energetiko haundiko luminaria berriei esker, energiaren %55eko aurrezpena izango dela aurreikusi dugu, egungo argiteriaren aldean», nabarmendu du Udalak. Argiteria berritzeaz gain, farolen besoak ere margotuko dituzte Kaxkoan. Hori horrela, 199.428,98 euroko kostua izango dute, Kaxkoan egingo diren berritze lan horiek.

Antziolako errotondan, Karabeleko Oleta plazan, eta Lastaola eta Zubiondo poligonoetan, berriz, dagoeneko jarri dituzte 215 argi berri: 212 ordezkatu, eta bi argi berri jarri. Lan horien kostua, 105.805,63 eurokoa izan da.

 

Hernani Erabakiko bi proposameni, erantzuna

Udalak nabarmendu du, lan ho­­riekin gauzatuko direla Herna­ni Erabaki aurrekontu partehartzaileetan erabakitako bi proposamenen. Izan ere, energia eraginkortasun haundiko argiztapen sistemak jartzeko bi proposamen onartu dira azkeneko urteotan: Kaxkoari dagokiona bat, 2020koa, 125.000 euroko partidarekin; eta argiteria hobetzeko proposamen orokorra bestea, 2018koa (100.000 euro).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!