«Ur-geruza nabarmen igotzea eragingo luke babes-harresiak»

Kronika - Erredakzioa 2022ko uzt. 12a, 00:00

Uraren Euskal Agentziak azaldu du, oraindik ez duela ezagutzen Hernaniko Udalaren proposamena, baina «hidraulikoki desegokia» dela horma haunditzea.

Aurreko astean aurkeztu zuen Hernaniko Udalak, CD Hernanirekin eta Hernani Club Rugby Elkartearekin batera, bi kirol zelaietan uholde arriskua murrizteko proposamena. Horren harira, URA Agentziak Kronikari azaldu dio, oraindik ez duela proposamen horren berri: «gaur egun, ez da dokumenturik erregistratu Uraren Euskal Agentzian, eta ez da kontsulta ofizialik egin».

Edonola ere, URAk gogorarazi du, kirol eremua «10 urteko errepikatze-denborako uholde arriskua duen eremuaren barruan dagoela. Kirol eremuari lotutako instalazioei ere eragiten die uholde muga horrek, eta Urumea ibaiaren lehentasunezko fluxu-eremuak dira».

Zubipe eta Landareko instalazioak babesteko, hormaren eraikuntza «bultzatzeko borondatea» erakutsi duela azaldu du URAk, baina Euskal Agentziak ezarritako irizpidea «beti» izan dela berbera: «ondorioztatu dugunez, planteatutako babes-harresiak ur-geruza nabarmen igotzea eragingo luke, bai hormak defendatzen duen eremu­an, bai hormatik gora, eta etxe zein industria eraikuntzei eragingo lieke. Beraz, historikoki, horma eraikitzearen aurka agertu izan da URA, horrek sor­tuko lukeen ur-geruzaren goratzea onartezina baita, hain arrisku haundiko ibai zati baten testuinguruan. Beraz, Hernaniko Udalaren proposamenak ez du URAren oniri­tzirik. Hidraulikoki, desegokia da horma haunditzea, ez bakarrik elementu oso kalteberak ba­bes­ten ez dituelako, baizik eta, gai­nera, eragiten duen gaingoratzea esanguratsua delako ingu­runean, arrisku egoera areagotuz».

Edozein kasutan, URAk berretsi du oraindik ez duela proposamen berria jaso, eta beraz, jakinarazi du ez duela «horri buruzko adierazpenik egingo, dokumentazioa erregistratu eta aztertu arte».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!