Sei eguneko bidaia egingo du Goiz Eguzkik irailean, eta gaurtik eman daiteke izena

Kronika - Erredakzioa 2022ko uzt. 12a, 00:00

Las Médulas ingurune babestua bisitatuko dute, bidaia horretan.

Gaztela eta Leonera joango dira, irailaren 27tik urriaren 2ra. Uztailaren 29ra arte apuntatu daiteke, eta 55 lagunentzako izango da tokia.

Gaztela eta Leonera sei eguneko bidaia antolatu du Goiz Eguzkik, irailaren bukaerarako. Zehazki, irailaren 27an abiatuko dira Hernanitik, eta urriaren 2an bueltatu. «Ibilbide kultural bat» egingo dute, Leon, Zamora eta Arribes del Duero bisitatuz, besteak beste; eta gidari laguntzaile bat izango dute beraiekin, bidaia osoan zehar, jakinarazi dutenez. Leonen eta Zamoran egingo dute lo, hoteletan.

Aurreneko egunean, Hernanitik abiatu eta Leonerako bidea hartuko dute. Tartean, Fromista herri txikia bisitatuko dute, Palentzian. Bigarren egunean egingo dute bisita Leonen, goizean, bertako gidari batekin; eta Astorga eta Castrillo de los Polvazares ikusiko dituzte arratsaldean. Paisaia aldatuko dute hirugarren egunean, eta Las Médulas ingurune babestua bisitatuko dute: erromatarren garaiko urre meategien hondarrak daude bertan. Goiz horretan bertan, Ponferrada ere ikusiko dute. Eta arratsaldean, Villafranca del Bierzora joango dira, bertako gidariaren eskutik herria ezagutzeko.

Zamorara joango dira laugarren egunean, hiria bisitatzera; eta Toro herria ezagutuko dute arratsalde horretan. Chillon gaztaren museoan ere izango dira, eta bisita gidatua eta dastaketa egingo dituzte bertan. Bosgarren egunean izango dira Arribes de Dueron, eta kruzeroan ibiliko dira Duero ibaian barrena. Portoko ardoen dastaketa ere egingo dute, eta Portugalgo Mirando do Douro herrian bisi gidatua egingo dute arratsaldean. Uztailaren 2an abiatuko dira Hernanira bueltan, eta jatetxe batean bazkalduko dute, bidean.

Izenematea zabalik, gaurtik

Bidaian parte hartu nahi dutenek, gaurtik uztailaren 29ra arte daukate izena emateko aukera. Horretarako, Goiz Eguzkiko bulegotik pasa daitezke, edo telefonoz deitu (943 55 10 32 / 747 403 437), ohiko bulego ordutegian: astelehen eta asteazkenetan 16:00etatik 18:00etara, eta ostiraletan 10:00etatik 12:00etara eta 16:00etatik 18:00etara. Bestela, emailez ere egin daite­ke, goizeguzkihernani@gmail.com helbidera idatzita.

Bidaia egin ahal izateko, 40 lagunek eman beharko dute izena, gutxienez; eta 55 lagunentzako tokia izango da, gehienez ere. Gehiago apuntatuz gero, zozketa egingo lukete. Bidaiaren prezioa, joaten den pertsona kopuruaren araberakoa izango da: 40 eta 49 bidaiari artean izanez gero, 458 euro izango dira pertsonako; eta 50-55 lagunek izena emanda, 435 euro. Prezioaren barruan daude gidari laguntzailea, tokiko gidak eta zenbait sarrera ere.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!