Gaurtik izena emateko aukera kiroldegiko 2022-23 ikastaroetan

Kronika - Erredakzioa 2022ko uzt. 11a, 00:00

Izena eman dutenak dauden plazak baino gehiago badira, zozketa bidez esleituko dira plaza horiek.

Hernaniko Udal kiroldegiak prest du 2022 eta 2023 ikasturteko ikastaro eskaintza. Bertan, igerilekuko, fitness aretoko eta aire libreko ikastaroak daude, adin desberdinetako herritarrei zuzendutakoan, hain zuzen ere. Udal kiroldegiak aditzera eman du, ikastaro gehienak urte osokoak direla, eta urteko ikastaro batzuk, aldiz hiru hilabetekoak. Azken urteetan eskaini diren ikastaroez gain, zenbait berrikuntza ezagutzeko parada izango dute herritarrek. Eta horrez gain, kiroldegiak dio ikastaroak euskeraz emango direla.

Izena emateko interesa duenak hernani.kirola.eus webgunean sartzeko aukera du, edo kiroldegira bertaratuz ere apuntatu daiteke.

 

Hainbat xehetasun

Pertsona bakoitzak eskaera bakarra egin ahal izango du. Eskaera orri bakoitzean bi ikastaro desberdin izendatzeko aukera egongo da, lehen ikastaroetan plazarik egokitu ezean, beste ikastaro batean aukera izateko.

Era berean, ikastaroak aurrera atera ahal izateko, gutxieneko kopurua behar da. Izena eman dutenak dauden plazak baino gehiago badira, zozketa bidez esleituko dira plaza horiek. Zozketa ondoren plazarik gabe gelditzen denak aukera izango du beste talde batean izena emateko, betiere taldea osatu arte eta izena emateko hurrenkerari jarraituz.

Informazio guztia, aipatu moduan hernani.kirola.eus webgunean aurkitu daiteke, eta izena emateko, beharrezkoa izango da izenemate orria betetzea. k

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!