Zubipe eta Landare uholdeetatik babesteko proposamena aurkeztu zuten, atzo goizean

Kronika - Erredakzioa 2022ko uzt. 8a, 00:00

Joxe Kurutz Elosegi, Xabier Lertxundi, Ane Ibarburu eta Martxelo Ezponda, proiektuaren aurkezpenean, udaletxean.

Azterlan horrek proposatzen du Zubipe eta Landare kirol instalazioak inguratzeko harresi bat eraikitzea. Harresi honen gutxieneko altuera 0,65 metrokoa izango litzateke, eta gehienezkoa 1,70 metrokoa.

Agerraldia egin zuten atzo goizean Hernaniko Udalak, Hernaniko Rugby Elkarteak eta CD Hernanik, Landareko eta Zubipeko instalakuntzak uholdeetatik babesteko konponbidea aurkezteko asmoz. Hitza hartu zuten Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak, Ane Ibarburu Jarduera Fisikoa eta Kirola saileko zinegotziak, Martxelo Ezponda CDHko presidenteak, eta Joxe Kurutz Elosegi HCREko presidenteak; eta aditzera eman zuten, URA Agentziari aurkeztuko dioten proposamena. 

Martxoaren 22an hitzartu zu­ten Udalak, CD Hernanik eta Hernani CREk Zubipe eta Landare kirol instalakuntzak uholdeetatik babesteko konpromisoa. Hitzarmen honek jasotzen zuen Udalaren konpromisoa, instalakuntza horiek babesteko obra gauzatzeko azterlana egiteko. Ondorioz, azterketa bat eskatu zuen Udalak, eta atzo horren emaitza aurkeztu zuten hiru eragileek.

 

Azterlanaren proposamena 

Azterlan horrek proposatzen du Zubipe eta Landare kirol instalazioak inguratzeko harresi bat eraikitzea. Guztira, 600 metroko luzera izango luke, eta errekaren hondotik 8 metroko altuera bermatuko luke. Bi kirol instalazioek altuera desberdina dutenez, harresiaren gutxieneko altuera 0,65 metrokoa izango litzateke, eta gehienezkoa 1,70 metrokoa.

Proposamen hau URA Agentziari aurkeztuko diote, eta agentziak onartuko balu, obra exekutatzeko prozedura martxan jarriko lukeela ziurtatu zuen Lertxundik: «ez dakigu noiz erantzungo digun URA Agentziak, baina hilabete batzuetako kontua izango dela aurreikusten dugu», azaldu zuen. Gainera, martxoan sinatutako dokumentuaren arabera, Udalak konpromisoa hartu zuen bi instalazio horiek hobetu eta kirol elkarteen jarduna bermatzeko 2 milioi euro inbertitzeko. 

 

«Pozik eta itxaropentsu», bi kirol klubak

Bai Martxelo Ezponda eta baita Joxe Kurutz Elosegi ere, pozik agertu ziren aurkezpenean. Ezpondak hartu zuen hitza aurrena, eta adierazi zuen itxaropentsu daudela: «badakigu hau guztia gauzatzeko denbora beharko dela, baina ilusioz beteta gaude. Urteak eta urteak dira uholdeen arazoari konponbidea eman nahi izan diogula, eta heldu da garaia». Segidan, Elosegik hartu zuen hitza, azpimarratuz aurrerapauso haundia dela proiektu hau: «urte asko igaro dira eskaera hau luzatu genuenetik. Badakigu proiektu potoloa dela eta denbora beharko duela, baina eskatu nahi nioke URA Agentziari, ahal bezain azkarren onartzea, azaroa segituan etorriko baita, eta estatistikoki, urtero azaroan uholdeak daude», adierazi zuen.

Hiru eragileek aurkeztu zuten proposamena ez da berria; izan ere, duela urte batzuk esku artean izan zuten Udalak eta klubek, baina Ura Agentziak atzera bota zuen: «orduko egoera, baina, bestelakoa zen. Orain, Ura Agentziak Urumeako meandroan eskuhartze batzuk egin ditu jadanik (Txomin, Martutene eta Astigarraga), eta Hernaniri eragingo dion obra (Ergobia eta Akarregi bitartekoa) lizitazioan dago eta datozen hilabeteotan egitea aurreikusten da. Obra hori burutzen denean, uholdeetarako arriskua nabarmen murriztuko da Hernaniko eremuan». 

Hori guztia kontutan hartuz, harresia egiteko proposamena berreskuratu dela eta, alkateak ziurtatu du egungo egoera kontutan hartuta egin direla kalkulu hidrografikoak: «azterlanaren arabera, behin Ergobia eta Akarregi bitarteko obra exekutatuta, bideragarria da harresia egitea, ondoko eremuetako uholde arriskuan eragin nabarmenik sortu gabe».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!