Xuban Santinek zilarra, Europako Jokoetan

Kronika - Erredakzioa 2022ko uzt. 7a, 00:00

Xuban Santin, Finlandian, zilarrezko dominarekin.

Finlandian aritu da, gazteentzako jokoetan; eta bigarren sailkatu da boccian, zilarrezko domina kolkoratzeko.

Irribarre zabalarekin eta zilarrezko domina kolkoan zuela bueltatu da Xuban Santin hernaniarra, Finlandiako Pajulahti herritik. Gazteentzako Europako Paralinpiar Jokoetan hartu du parte bertan, boccian; eta bigarren sailkatu da, BC2 kategorian.

Ligaxkan ekin zion hernaniarrak, eta A multzoan aritu zen, Pangiotis Paschos greziarrarekin eta Florian Witt alemaniarrarekin batera. Aurreneko partidan, 3-1 menderatu zuen Witt; eta bigarrenean, Paschosekin 2-2 berdindu ondoren, greziarra nagusitu zen desenpatean. Edonola ere, multzoko bigarren postua lortuta, semifinaletara sailkatu zen Santin.

Jan Hatak txekiarra izan zuen aurrez aurre orduan, eta 2-2 berdindu zuen berriro; baina oraingoan, berak irabazi zuen desenpatea, eta baita final haundirako txartela ere. Partida erabakigarrian aurrean izango zuena, ordea, ez zen edozein: aukerarik ez zion eman David Pinto portugaldarrak, eta 6-1 nagusitu zitzaion. Edonola ere, txapelketa borobila jokatuta, zilarrezko domina jaso zuen Santinek, podiumean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!