Ekhi Oses hernaniarrak txapela Usurbilen, Pagazpeko Errastirekin

Kronika - Erredakzioa 2022ko uzt. 7a, 00:00

Ekhi Oses hernaniarra (ezkerretik bigarrena), txapela jantzita, Errastirekin.

Usurbilgo Txapelketa irabazi zuten, haur mailan, Azkoitiko Aldazabal eta Segurola menderatuta (18-15).

Bi txapelketa pribatutan protagonista izan ziren esku pelotari hernaniarrak, aurreko asteburuan. Eta bereziki, Usurbildik iritsi ziren albiste pozgarriak: txapela jantzi zuen Ekhi Osesek Usurbilgo Torneoan, haur mailan, Pagazpeko Errastirekin bikotea osatuta. Final parekatuan, 18-15 menderatu zituzten Aldazabal eta Segurola azkoitiarrak. Berdinduta izan ziren bi bikoteak, partiduaren erdialdera arte; baina hortik aurrera, finaleko presioa uxatu, eta aurrea hartu zuten Osesek eta Errastik.

Pilotaren Txokoa Txapelketan, berriz, finalerdietara sailkatu ziren bi hernaniar, Donostiako Trinitate Plazako frontoian. Gazteetan, Uxue Manterolak lortu zuen pasea, Agesta nafarrarekin, final laurdenetan Armaolea eta Urdanpilleta menderatuta (22-14). Etxaniz eta Mitxelena izango dituzte aurrez aurre, finalera sailkatzeko. Eta nagusietan, Iñigo Labaka sailkatu da semifinaletara, Lapkeko Otxoarekin, final laurdenetan 22-14 irabazita Xabier Salaberria hernaniarrari eta Alonso zestoarrari. Chiapuso eta Sorondo donostiarren kontra jokatuko dute semifinala.

Hernaniko kiroldegiko frontoian, bestalde, arratsaldero ari dira partiduak jokatzen, Zikuñaga Papelera Torneoan. 

Finalera pase zuzena jokoan Endika Barrenetxeak gaur, San Fermin Torneoan

Erremonteari dagokionez, jardunaldi erabakigarria jokatuko da gaur, 16:30etan Galarretan, San Fermin Torneoan. Aurreneko bi partiduak irabazita, ligaxkako lider daude Endika Barrenetxea hernaniarra eta Aldabe, 8 punturekin; eta finalera pase zuzena lortuko dute gaur, postu horri eutsiz gero. Bigarren dagoen bikotearen kontra jokatuko dute, Ansa II eta Azpirozen kontra (5 puntu).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!