Batzar ireki informatiboa egingo du Enherkomek, ostegunean Biterin

Kronika - Erredakzioa 2022ko uzt. 5a, 00:00

Arratsaldeko 18:00etan izango da, kultur etxean, eta herritar guztiei luzatu diete bertaratzeko deia.

Urtarrilean sortu zuten Enherkom, Hernaniko Energia Berriztagarrien Komunitatea. Koope­ratiba herritarra da, sustatu nahi dituena energia berriztagarrien ekoizpena, autokontsumo partekatua eta energia kontsumoaren eraginkortasuna eta aurrezpena. Funtsean, hiru helburu nagusi dauzka Enherkomek: energia burujabetzan sakontzea, trantsizio sozioekologikoa sustatzea, eta pobrezia energetikoarekin bukatzea.

Martxan da kooperatiba, eta batzar ireki informatiboa egingo dute ostegun honetan, Hernaniko herritar guztiei irekia. Biteri kultur etxean izango da, arratsaldeko 18:00etan hasita. Bertan, azalduko dute zein den bazkideen funtzioa Enherkom komunitate kooperatiboaren ba­rruan, eta bazkidetza kanpainaren berri ere emango dute. Eta era berean, Enherkom garatzen ari den proiektuen egoera ere emango dute aditzera: autokontsumo kolektiboak, aholkularitza energetikoa, eta pobrezia energetikoa.

 

Bost bazkidetza mota, aukeran

Enherkom kooperatibako kide izan nahi dutenek, bost bazkidetza mota ezberdin izango dituzte aukeran: bazkide erabiltzailea; bazkide langilea; bazkide zerbitzu emailea; bazkide laguntzailea eta azkenik, bazkide inbertsorea.

Enherkom kooperatibako kide izan nahi dutenek, bost bazkidetza mota ezberdin izango dituzte aukeran: bazkide erabiltzailearena da aurreneko aukera. Horiek, aukera dute energia komunitateak eskaintzen dituen produktu eta zerbitzuak erabili eta kontsumitzeko. Pertsona fisiko zein juridiko guztiek daukate bazkide erabiltzaile izateko aukera, 10 euroko ekarpen bakarra eginda. 

Bazkide langileena da bigarren figura, eta komunitatean lan egingo duen pertsona fisikoa da. Bazkide zerbitzu emailea ere izan daiteke: energia komunitateari edozein motatako zerbitzuak emango dizkion pertsona fisiko, ETE edo elkartea. Bazkide laguntzailearen figura ere sortu dute, komunitatearen jarduera sustatzeko edozein laguntza mota eskaini dezaketen ETE, erakunde publiko eta elkarteentzat. Eta azkenik, bazkide inbertsore ere izan daiteke edozein motatako pertsona fisiko edo juridiko, komunitatean inbertsioa eginda.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!