Hernaniko merkatarien sarea aurkeztu zuen atzo goizean, Ekhilurrek

Kronika - Erredakzioa 2022ko uzt. 5a, 00:00
Ekhilurrek merkatarien sarea aurkeztu zuen, atzo goizean Biterin.

Hernaniko ia 40 saltokik Ekhilur sistema digitalaren bidezko ordainketak onartuko dituzte. Gainera, Udalak, irailean hobari kanpaina bat jarriko du martxan, «sistema herritarren artean sustatzeko». 

Azkeneko hilabeteetan buru-belarri lanean aritu da Ekhilur kooperatiba, Udalarekin batera, eta atzo, Hernaniko merkatarien sarea aurkeztu zuten Biterin. Harategiek, barazki dendek, ile-apaindegiek, farmaziek, arropa dendek... Mota askotako ia 40 establezimenduk Ekhi tokiko txanpona onartu zuten, «Ekhilur sistemaren bidezko ordainketa baliatuz». 

Atzo goizean, proiektuari buruzko xehetasunak eman zituzten, eta aurkezpenean parte hartu zuten Alex Lopezek, Ekhilur kooperatibako errektore kontseiluko kideak; Arantza Eguzkitzak, Iparragirre sagardotegiko gerenteak;  Xabier Lertxundik, Hernaniko alkateak;  eta Patxi Ibargurenek, Tokiko Garapen, Turismo eta Merkataritzako zinegotziak. 

Argi adierazi zuten, proiektua Hernani Burujaberen egitasmoaren baitan kokatzen dela: «Hernaniko Udalaren eta Ekhilur kooperatibaren arteko lankidetza hitzarmenari esker garatu da. Hernaniko biztanleek urte betez Ekhilur mantentze-gastuak ordaindu gabe probatzeko aukera izango dute Udalak abalatuta». 

Irailean emango zaio hasiera kanpaina honi: «Udalak hobari kanpaina martxan jarriko du Ekhilur sistemaren bidez, ekhia erabiltzeko eta biztanleriaren artean sustatzeko asmotan, eta noski, herritar zein saltoki eta enpresei sistema ezagutzeko aukera errazteko». Udalak, hau aurrera eramateko, 30.000 euroko partida bideratuko du. 

Jarraian, Patxi Ibargurenek hainbat azalpen eman zituen, herritarrei bideratuta: «Ekhilurren izena ematen duen herritar bakoitzak, sistemaren baitan egindako lehen 50 euroko errekargari, 20 euroko kopurua gehituko dio Udalak. Horrez gain, ekhietan egiten diren erosketa guztiei %10eko hobaria gehituko zaie». 

 

Establezimenduek izena emateko aukera, irailaren 5era arte 

Hobarien kanpainan parte hartu ahal izateko, establezimenduen kasuan, irailaren 5a baino lehen eman beharko luke izena. Eta informazio gehiago nahi izanez gero, Ekhilur kooperatibarekin hitzorduak eskatzeko aukera dago: hernani@ekhilur.eus helbidean, edo 944 68 62 73 telefonora deituta. Hitzorduak, dendetan, Biterin eta Iturolan emango dira. Herritarrek, berriz, norbanako gisa, dagoeneko izena emateko aukera dute ekhilur.eus webgunean sartuta. 

 

Bizum, Paypal edo kreditu txartelen ordainketa sistema 

Ekhilur sistema Ekhi tokiko txanponaren erabilera ahalbidetzen duen ordainketa sistema dela jakinarazi zuen Alex Lopezek: «Bizum, Paypal edo kreditu- edo zordunketa-txartelen pareko ordainketa-sistema bat da, baina sare propioa sortu nahi du VISA edo Mastercard sarearen menpe egon gabe. Sistema hori irabazi asmorik gabeko ekhilur kooperatibaren kontrolpean dago. Kooperatiban herritarrek, enpresek, elkarteek eta udalek parte hartu dezakete. Hau guztia zertarako? Sarearen arauak zehazteko eta gure dirua nondik zirkulatzea nahi dugun kontrolatzeko». 

Jarraian, argi eta garbi utzi zuen Lopezek, tokiko merkataritzarako eta bertako ekonomiarako babesleku bat sortzea dela asmoa: «dirua sarean sartzen denean, parte hartzaileek bakarrik bidali eta jaso ahal izango dituzte ordainketak. Sarea zenbat eta zabalagoa den, orduan eta erakargarriagoa izango da parte hartzaileentzat, eta diru gehiago ibiliko da bertan». 

Atarian aipatu moduan, informazio gehiago behar izanez gero ekhilur.eus webgunean sartu, hernani@ekhilur.eus helbidera idatzi, edota 944 68 62 73 telefonora deitu. 

 
Oraingoz parte hartuko duten establezimenduak 

Artola Harategia, Pineda Harategia, Herrilur, Arriatzu Barazkiak, Arregi janari denda, Ares Frutadenda, Izaskun janari denda, Ereñozuko denda, Aliprox, Itxaspe Arrandegia, Peña Okindegia, Iparragirre Sagardotegia, Tripontzi Jatetxea, Iturralde Jatetxea, Galarreta Frontoia, Amegar Etxetresnak, Arkiled, Adarra burdindegia, ArteTokia, Mendi Lore Loradenda, Epele Loradenda, Brintza Aholkularitza, Dobera Euskara Elkartea (Kronika), Berriak Elkartea, Arremanitz Koop. Txikia, Elkar Liburudenda, Gaindituz Fisioterapia, Oin klinika, Leire Mendizabal, Farmacia Marina Gomez, Farmacia Aldabe, Castilla-Larburu Farmazia, Biak Estilistak, Peines Ileapaindegia, Hoki Lentzeria, Mahuka Arropa Denda, Laket Arropa Denda, Hiru Haur Arropa Denda, Urrats Oinetakoak eta On Bit Informatika. k

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!