Aurre-izenematea zabalik, Goiz Eguzkik datorren ikasturterako prestatu dituen jardueretan

Kronika - Erredakzioa 2022ko uzt. 3a, 00:00

Uztailaren 22ra arte eman daiteke izena, bulegoan, telefonoz, emailez edota webgunean. Oraingoz, 11 ikastaro jarri dituzte aukeran.

Oporraldian sartuta, datorren ikasturtera begira jarri da Goiz Eguzki jubilatuen egoitza. Horrela, hasi dira prestatzen urritik ekainera bitartean egingo dituzten jardueren programa, «ikasturte honetan egindako jardueren arrakasta ikusita». Eta dagoeneko zabaldu dute aurre-izenemate epea: jardueraren batean interesa dutenek, uztailaren 22a baino lehen eman behar dute izena. Gainera, nabarmendu dute «interesgarria» izango litzatekeela, «jardueraren bat abian jartzen edo garatzen laguntzeko prest dauden boluntarioek horren berri ematea».

Oraingoz, 11 jarduera proposatu dituzte, datorren ikasturterako: mantentze gimnasia, yoga edo erlaxazio ariketak, euskal dantza, hartubola, ipar martxa, goizeko ibilaldiak, puntua egiteko taldea, informatika, euskera, frantsesa, eta irakurketa partekatua. Horietakoren batean jende nahikorik ez badago, litekeena da jarduera bertan behera geratzea. Izan ere, soilik jarriko dituzte martxan, interesa duen pertsona kopuru jakin bat duten jarduerak. Era berean, aurreratu dute jardueraren batean dauden plazak baino jende gehiago apuntatuz gero, zozketa egingo dutela, plazak banatzeko.

Aurre-izenematea egiteko, lau modu aukeran

Uztailaren 22ra arte eman daiteke izena jardueretan, eta lau modu jarri dituzte aukeran, horretarako. Batetik, Goiz Eguzkiko bulegora joan daiteke, edo telefonoz deitu (943 55 10 32 / 747 403 437), ohiko bulego ordutegian: astelehen eta asteazkenetan 16:00etatik 18:00etara, eta os­tiraletan 10:00etatik 12:00etara eta 16:00etatik 18:00etara.

Bestela, posta elektronikoz ere egin daiteke, goizeguzkihernani@gmail.com helbidera idatzita. Eta azkenik, goizeguzkihernani.eus webgunean ere badago izena emateko aukera.

Aurre-izenemateak itxita eta egingo diren jarduerak zehaztuta, irailean antolatuko dituzte jarduera bakoitzeko taldeak eta ordutegiak, urrian hasteko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!