Hernaniko lau autobusak beteta, Jaizkibelera joateko gonbitea luzatu du Gure Eskuk

Kronika - Erredakzioa 2022ko uzt. 2a, 11:01

Hernaniko Gure Eskuk jakinarazi du, dagoeneko bete dituela Munagirre mendia argiztatzera joateko lau autobusak, eta ez dagoela toki gehiago. Horregatik, Jaizkibelera joateko deia luzatu die, tokirik gabe geratu direnei. Irekia da bertara joatea.

Lau autobus bete ditu Hernaniko Gure Eskuk, Aiako Harriko Munagirre mendia argiztatzera joateko, gaur egingo den Pirinioetako Bidea ekimenaren barruan. Hori horrela, jakinarazi du toki gehiago ez dagoela bertara joateko, baina deiak eta eskaerak jasotzen ari dela. Horregatik, tokirik gabe geratu diren guztiei, gonbitea luzatu die Jaizkibelera joateko. Izan ere, irekia da bertara joatea.

Arratsaldeko 16:00etan jarri dute hitzordua Guadalupen, eta Jaizkibel argiztatzera joan aurretik, bertako zelaigunean girotuko dituzte bertaratuak. Musika eta jan-edana izango da Guadalupen. 240 kotxerentzako dago tokia bertako aparkalekuan, eta beraz, eskatu dute kotxeak jendez beteta joatea. Arratsaldeko 18:00etan aterako dira autobusak Guadalupetik, Paradorera igotzeko, eta bertatik partaideak sakabanatzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!