Asier Pujolen axeria eta Aitor Urkiaren  akelarrea garaile, argazki lehiaketan

Kronika - Erredakzioa 2022ko uzt. 2a, 00:00
Aitor Urkiaren akelarreko argazkia izan da sarituetako bat.

Kronikak antolatutako San Joanetako 13garren Argazki Lehiaketan, Urkiaren akelarreak eta Pujolen azeriak jaso dute saria. 

Herriko festetako momentu goxoenak, dibertigarrienak eta azpimarragarrienak betiko izoztuta gelditzeko asmotan, San Joanetako Argazki Lehiaketa antolatu du Kronikak. 13garren edizioa izan da aurtengoa, eta bozkak parekatuak izan badira ere, dagoeneko argitu dira irabazleen izenak: Aitor Urkia eta Asier Pujol. 

Denera, 27 argazki jaso dira eta 7 herritarrek hartu dute parte lehiaketan. Proposamenak askotarikoak izan dira: Axeri Dantza, akelarrea, sokamuturra, erraldoiak eta buruhaundiak... San Joanetako betiko hitzorduak ez ezik, bestelako momentuak ere aurkeztu dituzte argazkilariek. Guztiek dute xarma berezia, denek islatzen baitituzte hernaniarrek hain gogotsu espero izan dituzten aurtengo jaiak. Hain zuzen, espero baino geldialdi luzeago baten ostean, aurten, azkenean, posible izan da herriko jaiak betiko moduan ospatzea. Hori horrela, aurkeztutako argazki guztiek islatu dute herritarren poza eta ilusioa. 

 

Asier Pujolen proposamen irabazleak axeriaren aldeko apustua egin du.
 
 

Akelarrea eta axeria, argazki sarituen oinarrian

Aurten, bi sari potolo banatu dira. Hori kontuan hartuta, argazki sarituetako bat Asier Pujolena izan da. Sorta ederra jaso du Doberako bazkideak: Txindokiko Itzala abentura parkerako sarrera bikoitz bat, bi pertsonarentzako otordua Altzueta sagardotegian, eta urtebetez Kronikakide izateko aukera. Proposamenean, San Joanetako ikur baten aldeko apustua egin du Telleriak. Argazkiren erdi-erdian, axeria ikus daiteke Plazan, udaletxea atzean duela. Erretratua da Pujolena, argi baitzuen bere ideia: axeriari protagonismoa ematea.

Beste argazki saritua, berriz, Aitor Urkiarena izan da. San Joanetako ekitaldi entzutetsuenetarikoa aukeratu du argazkirako: akelarrea. Irudian ageri da sorgin bat suaren inguruan dantzan. Gainera, berezia da proposamena, argazkia ez baita guztiz nitidoa; mugimendua sumatzen da Urkiaren lanean, eta horrek berezia egin du hernaniarraren argazkia. Sari gisa, irabazi du Txindokiko Itzala abentura parkerako sarrera bikoitz bat, bi pertsonarentzako otordua Itxas Buru sagardotegian, eta urtebetez Kronikakide izateko aukera. 

Sari horiekin, uda ezin hobe hasteko aukera izango dute irabazleek. Otordu goxoez gain, lagunekin, senideekin edo nahi dutenekin plan borobila ere egingo dute Txindokiko Itzalean, Abaltzisketan. Gainera, Kronikakideak edo Urumea bailarakoak dira saria eman duten elkarteak eta jatetxeak, ezbairik gabe, bertakoaren alde egiten dutenak. 

Bide batez, Kronikak eskerrak ematen dizkie partehartzaile guztiei. Aurtengo San Joanak iruditan gordetzeko modua izan da argazki lehiaketa antolatzearena, eta aurreko urteetako erritmoa jarraituta, datorren ekainean ere egongo da horretarako aukera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!