Elkanok munduari egindako biraren omenezko garagardoa, Basquelandek

Kronika - Erredakzioa 2022ko uzt. 2a, 00:00

Pilsner Premiur hartu du izena Elkanoren omenez egindako garagardoak: «mingotsa eta atsegina da, lore-usaina du; limoi-ukitu eta belar kutsuarekin». 

Basqueland Brewing  Hernaniko garagardotegi independenteak, Elkano 1522 garagardoa atera du, orain dela 500 urte munduaren lehen zirkunabigazioa osatu zuen Juan Sebastian Elkano euskal marinelaren omenez. Omenaldi gastronomiko horretan, bidelagun du Getariako Elkano jatetxea, «parrilan egindako arrainaren tenplua, zeinak urteurrena ospatzeko, euskal marinelek itsasoz harandiko bidaietan inspiratutako pintxo bat sortu duen, edizio mugatuko garagardo horrekin batera hartzeko». 

Basquelanden sortzaile diren Kevin Patricio eta Ben Rozziren esanetan pozez daude: «Elkanoko lantaldearekin lankidetza dela eta. Elkano 1522 premium garagardo bat da, jatetxearen eskaintza gastronomikoaren eta lan molde onaren mailakoa. Pilsner garagardoa da, hau da, Alemaniako estilo tradizional batekoa. Hala, Basquelandek erautsi nahi du ausartzen dela europar estiloak ere lantzera». 

Era berean, Oscar Sanzek ere honakoa gaineratu du: «Maitekiro egindako garagardoa da. Heltze-denbora luzea du, eta, denbora horretan, Hallertau Mittelfrüh alemaniar lupulu klasikoa erabili dugu. Emaitza garagardo garbi, kurruskari, mingots eta atsegina da, lore-usainduna eta limoi-ukituarekin eta belar-kutsuarekin. Horren guztiaren batura dotorea da, ongi bateratua, eta egokia da Elkanok bere parrillan zoragarri prestatutako arrain koipetsuek eskatzen duten trago luzerako».

 

Elkanokoak ere pozik, garagardo berriarekin

Bestalde, Elkanokoek ere adierazi dute pozik daudela: «lehen euskal parrila egilearen egindako omenaldi bereziarekin bat egiteagatik». Izan ere, diote, Juan Sebastian Elkanok jatetxeari izena emateaz gain, parrila du harekiko lotura: bertako sukaldearen ezaugarria eta marinelaren testamendutan protagonista, kobrezko eltzeekin, eztainuzko lapikoarekin eta platerekin».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!