Bertsopaper lehiaketan eta ipuin lehiaketan sari bana, Legorburuk

Kronika - Erredakzioa 2022ko uzt. 1a, 00:00

Bertsopaper lehiaketan, Legorburu gailendu zen.

Bertso sorta onenaren saria 'Bisitaria' lanagatik irabazi du, eta 'Fatimaren eskutik' lanarekin, berriz, ipuin lehiaketako bigarren saria. 

Bi sari irabazi ditu Iñigo Legorburu idazle hernaniarrak. Maiatza bukaera aldera, jaso zuen Legorburuk hamaikagarrenez bertso sorta onenaren saria, 'Bisitaria' lanarengatik, XIX. Lurretako Literatura Lehiaketaren barruan. Lehenengoz 2012garren urtean parte hartu zuen bertan irabaziz, eta ordutik, urtero parte hartu du irabazle izanez. Aurten ere, 200 euroko bonoa irabazi du Durangoko Hitz liburutegian xahutzeko eta bere idazlana argitaratua ikustea lortu du. Aurtengo bertso-sorta, etxegabetze baten ingurukoa izan da, 'Bisitaria' izena hartu duena: «desjabetze agindu batekin datorren polizia bikotea da eta fikziozko protagonista baten ahotik egindako bertsoak dira», dio Legorburuk. Bertso honetarako erabilitako doinua Xabier Silveiraren ETAren su-etenetik melodia da: «oso aproposa istorio luzeak kontatu eta atmosfera bat lortzeko», azpimarratu du Legorburuk. 

Idazle hernaniarrak, aurrera begira, parte hartzen jarraitzeko asmoa du, denbora eta ideiak edukiz gero behintzat: «beti da plazera Joseba Sarrionandiaren herrira bisita egitea eta Kristina Mardaras bertsolari haundia eta aurkezlearekin tertulian aritzea. Soilik horregatik, ahaleginak merezi du».

 

'Kontatu bihotzarekin' ipuin lehiaketan, bigarren

San Joan egunez eman zituzten jakitera Barakaldoko Clara Campoamor kulturetxean ACAPKek antolatutako ipuin lehiaketako irabazleak. Bertan Legorburuk 'Fatimaren eskutik' lanarekin bigarren saria lortu zuen. Adierazi duenaren arabera «emozio haundiko uneak» bizi izan zituen. «Pandemiak geldialdia ekarri zuen, eta bi urteren ostean, ACAPKeko korua berriro bildu zen». Legorbururen ipuinak, arrazismoa, aurreiritziak eta topikoak ditu hizpide eta Irungo Harrera Etxean kokatzen da istorioa, Fatima migratzailea haurdun iristen denean bertara. Handik aurrera, Fatima eta abokatuaren artean harreman berezi bat sortuko da. 

Egileak, 250 euroko saria eta diploma eskuratu zituen eta bi egile sarituek, euren obrak liburu formatuan argitaratuta ikusiko dituzte, beste finalista zein sarituekin batera.

 

Hona hemen Legorbururen  'Bisita': 

DOINUA: ETA-ren su etenetik... (X. Silveira)

 

1

Apaldu nahian etxeko

sarrailaren giltza-hotsa

“egunon!” ozen batean

altxa berri dut ahotsa.

Amak eztu mespretxatu

kulebroiaren morrontza,

ta aitak sofatik bota

dit begirada zorrotza.

Ongi-etorri bat nola

izan liteke hain hotza?

Arduraturik erabat

galdezka daukat bihotza

gure etxean zergatik

sentitzen naizen arrotza...(BIS)

 

2

Erositako pisu bat

da partekatzen duguna

langile auzo batean,

umila eta kuttuna.

Gure sendia auzoan

betidanik ezaguna

izan denez, jaso dugu

auzotarren maitasuna.

Iraganak baldintzatzen

digunez etorkizuna

ezin beterik gabiltza

gure erantzunkizuna

pisuaren zama guztiz

bilakatzean astuna.(BIS)

 

3

Hiruzpalau hilabete

badira dagoeneko

dirurik ez daukagula

mailegurik ordaintzeko.

Bi guraso elbarrien

egoera hau tarteko

diru-sarrera nahikorik

ez daukagu bizitzeko.

Zorretan murgildu gara

interes-tasen menpeko

pentsatu izan dut nik maiz:

“Hilko bagina hobeto!”

izendatu zutenetik

injustizia legezko.(BIS)

 

4

Sukaldera abiatu

naiz nire kasa, hurrena

trastez beterik aurkitzen

den pasiloan barrena.

Maletak, arropak, poltsak...

kaosa da nabarmena

baina ez al da sobre bat

lurrean ikusten dena?

Banketxearen gutuna,

aidanean seigarrena,

irakurri dudanean

akabo itxaropena!

Zenbakitan azaltzen da

hitzez esan zigutena.(BIS)

5

Beraz oroitzapenetan

murgildu naiz berehala:

bere horretan mantentzen

da garaikurren apala,

polita da sendiaren

argazkiaren murala,

familiaren armarri

hilezkorraren itzala...

Bankuari berdin dio

bizi dugun martingala

ezer ez sentitzea da

haientzako naturala...

Etxeak, lau horma xixtrin

soilik balira bezala!!(BIS)

 

6

Txirrinaren “requiem”-a

gogoz hasi da kantari

eta aurpegia guztiz

zurbildu zaio amari.

Lasaitasunezko soa

igorri diot aitari,

hark ordea begirada

hiltzatu dio lurrari.

Berriro ere txirrinak

jo duenean, jostari

atea zabaldu eta

hortxe ikusi dut garbi

leiho bat itxi zaiola

genuen esperantzari.(BIS)

 

7

Polizia ikustean

ez naiz harritu gehiegi

soilik bi etorri dira,

beraz orduan gaitzerdi!!

Erakutsi dizkidate

lau inprimaki orlegi

eta esan “kanporatu

zaituztete, beraz segi!!”

Egunero ikustean

antzeko mila miseri

pozik biziko direnik

ez zait iruditzen neri

legezkoa den guztia

beti ez baita zilegi.(BIS)

 

8

Stop desjabetzekoek

egina zutenez zita

bat-batean entzun ditut

gure alde garrasika.

Tamalez, gaur horrek ez du

konponduko gure kinka

beraz hirurok atera

gara etxetik, etsita.

Jadanik alferrik denez,

sor liteken ika-mika

gogoz madarikatu dut

nire begiak itxita

inoiz ongi-etorria

izango ez den bisita.(BIS)

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!