Melillan izandako hilketak salatzeko elkarretaratzea gaur, Plazan

Kronika - Erredakzioa 2022ko uzt. 1a, 00:00
Plazan jarri dute hitzordua, eguerdiko 12:00etan.

Gaur eguerdiko 12:00etan egingo da kontzentrazioa Gudarien Plazan, eta arratsaldeko 19:30etan, berriz, Donostian. 

Melillako kolektiboek eta komunitate migratzaileek deialdi bateratua egiteko deia luzatu dute  «joan den asteburuan mugan izandako hilketak salatze aldera». Hori kontutan izanik, Amher Sos Arrazakeriak bat egin du, eta Hernanin elkarretaratzea antolatu da gaur, eguerdiko 12:00etan, Gudarien Plazan: «herritarrak etortzera animatu nahi ditugu». 

Kalera aterako dira, Melillako sarraskitik bizirik atera direnei babesa emateko, «eta erakunde batzuetan ezarritako nekropolitika gaitzesteko». Era berean, Amherrek kandelekin eta loreekin joatera gonbidatu du jendea: «gure begirunea adierazteko eta Europako gotorlekuan eta gainerako mugetan hildako pertsona guztiak oroitzeko. Arropa beltza ekarri, kandelak eta loreak zuriak». 


Donostian elkarretaratzea, arratsaldean 

Hernanikoaz gain, Donostian ere deialdia egin dute, gaur arratsaldeko 19:30etarako, Donostiako Boulevardean kioskotik aterata. «Espainiar estatuko beste hiri batzuekin koordinatuta egingo dugu gaurkoan elkarretaratzea, hilaren 24an mugan hildako lankideen omenez. Gertatutakoari buruzko ikerketa independente bat ere eskatzen dugu, baita dagozkion erantzukizunak argitzea ere» adierazi dute, mobilizazioa antolatu dutenek.k

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!