Ondo hasi du San Fermin Torneoa, Barrenetxeak

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 30a, 00:00
Endika Barrenetxea hernaniarra.

Aldaberekin batera, 30-23 irabazi zuen estreinako partidua, Urrizaren eta Labakaren kontra, astelehenean.

Martxan da San Fermin Torneoa Galarretan, eta ondo ekin dio Endika Barrenetxea hernaniarrak. Aldaberekin batera, 30-23 nagusitu zen estreinako partiduan, astelehenean, Urrizaren eta Labakaren kontra. Barrenetxea bera izan zen partiduko onena. Parekatua izan zen partidua, 20-19kora arte. Tarte horretan lan haundia egin zuen Urrizak, baina hortik aurrera, bere nagusitasuna erakutsi zuen hernaniarrak, eta partidua desorekatu zuen. Gainera, ondo lagundu zion Aldabek: pelotari abiadura haundia eman zion, tantoak bukatzea kostatu zitzaion arren.

San Fermin Torneoko beste partidu bat ere jokatu zen astelehenean, eta Ezkurra II eta Juanenea izan ziren garaile, Ansa II eta Azpiroz menderatu (30-25) eta ezustekoa emanda. Oso seguru aritu zen Juanenea, eta lan haundia egin zuen defentsan; bera izan zen bikotea garaipenera gidatu zuena, une erabakigarrietan. Aurrean, Ansak baino tanto gehiago egin zituen Ezkurrak, baina baita huts gehiago ere.

Txapelketaren sailkapenerako, lau puntu lortu zituzten asteleheneko bi bikote irabazleek, puntu bat lortu zuten Ansak eta Azpirozek, eta punturik gabe daude Urriza eta Labaka.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!