«Askatasuna defendatzen» jarraitzeko deia Asensiok, Hernanira bisitan

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 29a, 00:00

Jose Ignacio Asensio (erdian), Hernaniko PSE-EEren egoitzan, larunbatean.

Herrian izan zen Jose Ignacio Asensio, Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusia, joan den larunbatean.

San Joan jaiak aprobetxatuz, Hernanira bisita egin zuen Jose Ignacio Asensiok, Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusiak, joan den larunbatean. Alderdi sozialistaren afiliatu hernaniarrekin bildu zen Casa del Pueblon, ideiak eta iritziak partekatzeko; eta bertan izan zen Ricardo Crespo ere, Hernaniko PSE-EEren bozeramailea.

Asensiok nabarmendu zuen, «pertsonengan zentratutako politikak» garatzen ari dela PSE-EE Gipuzkoako Foru Aldundian; eta «desorekak murriztea, bizi-kalitatea eta ongizatea hobetzea, eta gure gazteentzat etorkizunerako aukera gehiago sortzea» dutela helburu.

Herriko afiliatuen proposamenak eta iradokizunak jasotzeko ere baliatu zuen topaketa, eta azpimarratu zuen PSE-EEk herrietako errealitatea aztertzeko daukan «tradizio sakona. Garrantzitsua iruditzen zaigu udal pultsu hori Aldundian sentitzea, bereziki in­gurumen, mugikortasun eta kulturako politikei dagokienez. Berdintasunaren eta iraunkortasunaren alde egiten dugu lan, eta baita aniztasuna eta askatasuna bermatzeko ere. Sozialisten nortasunaren ezaugarri den askatasuna defendatzen jarraitu behar dugu, abertzaletasunak ordezkatzen duena baino askoz ere gehiago den Gipuzkoa honetan».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!