«Batenbati kontrako eztarritik joango zaio afaria agian, baina zer pentsatua ematen badie, ez da gutxi»

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 29a, 00:00
Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai umoregileak.

'Luze edo motz' bakarrizketarekin, uztailaren 9ko afaria girotuko dute Idoia Torregaraik eta Mirari Martiarenak, Iparragirre sagardotegian. Hilaren 7ra arte egin daitezke erreserbak.

Hitzordu berezia jarri du Iparragirre sagardotegiak, uztailaren 9rako: Luze edo motz bakarrizketarekin girotuko dute afaria, egun horretan, Idoia Torregaraik eta Mirari Martiarenak. Afari monologoa izango da, iluntzeko 20:30etan hasita.

Afari bereziaz gozatu nahi duenak, uztailaren 7ra arte dauka erreserba egiteko aukera, 943 55 03 28 telefono zenbakira deituta. Menua ere jakinarazi dute: aurrena, Berakorte baserriko tomate entsalada; ondoren, bertako txekor saiheskia edo bertako behi zahar txuleta aukeran; eta azkenik, etxeko postrea eta kafea. Edateko, berriz, Iparragirreko sagardo desberdinak ziango dira aukeran. Prezioa, plater nagusiaren araberakoa izango da: 35 euro txekor saiheskia eskatuz gero, eta 41 euro txuleta eskatuta. Gainera, menu begetarianoa ere izango da, nahi dutenentzat: hanburgesa begetala.

Generoa umorerako gai, 'Luze edo motz' bakarrizketan

Torregaraik eta Martiarenak elkarrekin prestatu duten bigarren bakarrizketa da Luze edo motz. Aurretik, Bakean dagoena, bakean utzi emanaldia izan zuten estreinakoa, usurbildarrak eta oiartzuarrak; eta horri eman diote segida, bigarrenarekin. «Aurrenekoarekin, 150 bat plaza egin genituen, baina ikusi genuen bazeudela gai batzuk, oraindik plazaratu beharrekoak, leku gehiago behar zutenak».

Horrela, oraingoan generoa hartu dute umorerako gai, eta hilekoaz, menopausiaz, ligatzeko teknikez edota sexuaz ariko dira, besteak beste, ikusleak zirikatu eta haien barre algarak eragiteko. Makina bat emanaldi daramazkite bigarren bakarrizketarekin ere, eta Goizuetan eta Ereñotzun eskaini dituzte emanaldiak, besteak beste.

Nabarmendu dute, gai horiek landuta, berezia dela saioetan sortzen den giroa ere: «ikusten dugu, emakumeek barre egiten dutela; gizonek ere bai, baina txiste edo komentario askotan jokoz kanpo geratzen dira. Polita izaten da hori, haien aurpegietan nabaritzen duzulako 'guk zer galdu dugu?'. Emakumeontzat eguneroko gauza oso nabarmenak kontatzen ditugu. Ez dugu ezer asmatzen, kontatzen dugu gure egunerokoa eta bizipenak. Eta horiek emakume guztiok pasa ditugu momenturen batean». 

«Emakume asko hurbiltzen zaizkigu, esanez bazela garaia gai hauek umorez lantzeko»

Bi umoregileek adierazi dute, «oso ondo» pasatzen dutela sa­ioetan, eta halakoxea dela jasotzen duten erantzuna ere: «emakume asko hurbiltzen zaizkigu, esanez bazela garaia, gauza hauek umorez kontatzeko». Gainera, nabarmendu dute edonorentzako modukoa dela bakarrizketa: «jendeak ikusten gaitu bi emakume, eta pentsatzen du emakumeentzat dela, baina guztientzako da».

Berezia izango da Iparragirreko bakarrizketaren formatua, baina prest daude egokitzeko: «afalondoren zein poteoan ere egin izan ditugu saioak, eta esan liteke nahiko kamaleonikoak garela, zentzu horretan. Oraingoan, afaldu aurretik egingo dugu zati bat, eta ondoren bestea», aurreratu dute.

Eta aitortu dute, arrisku pixka bat izan dezakeela, emanaldiko nahasketak: afaria eta gai deserosoak. «Ez dira gai erosoak, bakarrizketan lantzen ditugunak. Emakumeok ere ez dugu horietaz hitz egiten, tabu asko dauzkagulako oraindik. Beraz, eskema asko hausten ditu, ikusteak bi emakume sexuari, orgasmoari edota masturbazioari buruz hitz egiten. Batenbati afaria kontrako eztarritik joango zaio agian, baina zer pentsatua ematen badie, ez da gutxi».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!