Hirigintzako buru eta arkitekto lanpostuak betetzeko, lehiaketa

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 28a, 00:00

Karrerako funtzionario eta A-1 taldeko lanpostu baten titular direnak aurkeztu daitezke, 15 laneguneko epean.

Ekainaren 24an argitaratu zuen Hernaniko Udalak, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, Hirigintza eta Ingurumen Saileko bi lanpostu hornitzeko lehiaketa bereziaren deialdia: Hirigintza unitateko burua, eta arkitektoa, Udaleko lanpostuen zerrendan 178 eta 32 kodea dutenak. A-1 taldean sailkatuta daude bi postuak, eta Administrazio Bereziko eskalakoak dira. Hirigintza unitateko buru lanpostuak 25 mailako osagarria dauka, eta urteko 22.980,14 euroko osagarri berezia; eta arkitekto lanpostuak 24 mailako osagarria dauka, eta urteko 19.916,12 euroko osagarri berezia. Lanaldi osokoak dira bi lanpostuak.

Hirigintza unitateko buruaren oinarrizko funtzioak izango dira unitatearen ardura eta koordinazioa, eta aholkularitza teknikoa. Arkitekto lanpostua betetzen duenak, berriz, bere eskuduntza esparruaren barne dauden gaien inguruko aholkularitza teknikoa ematea izango du eginkizun nagusia. Lanpostu­en funtzio zehatzak ikusgai daude Hernaniko Udalaren webgu­ne­ko (hernani.eus) iragarki taulan.

Lehiaketan parte hartzeko, ezinbestekoa da edozein administrazio publikotako karrerako funtzionarioa izatea, eta A-1 taldean sailkatutako lanpostu baten titularra izatea. Arkitektura gradu titulua edo baliokidea izan beharko dute hautagaiek, eta derrigorrezkoa izango da laugarren hizkuntza eskakizuna betetzea.

Eskaera-orriak, HHZn eta 'hernani.eus' webgunean

Lehiaketan parte hartzeko eskaera-orriak, eskuragarri daude udaletxeko Herritarren Harrera Zerbitzuan, eta baita hernani.eus webgunean ere. Horrekin batera, aurkeztu beharko dira lehiaketan baloratuko diren merezimenduak ere: esperientzia, prestaketa-ikastaroak, antzinata­­suna, argitalpenak, irakaskun­tza eta ikerketa-jarduerak...

Hernaniko Udaleko Erregistroan aurkeztu behar dira eskaerak. Horretarako epea 15 lanegunekoa da, deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldiz­kari­an argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

Proposamenak aztertu ondoren, onartu eta baztertutakoen zerrenda argitaratuko dute, eta balorazio batzordea osatu, hiru karrerako funtzionario eta udal administrari batekin. Batzorde horrek, hautaketa prozesuan puntu gehien lortu dituen hautagaia proposatuko du Hirigintza unitateko buru izateko, eta bigarrena arkitekto lanpostua betetzeko. Hernaniko Udalaren iragarki taulan eta hernani.eus webgunean argitaratuko dituzte horiek. Haietako batek uko eginez gero, zerrendako hurrengoa izendatuko dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!