Ta San Joan beti etorri eta joan, bai San Joan beti zaitut gogoan... Egun bat edo beste gehiago pasako du hernaniarren buruan, bandera jaitsieran herritar guztiek bat eginda abestu zuten estribilloak. San Joanak beti izango dituztelako gogoan, abestiak berak dioen bezala. Baina estribilloaren beste zatiak ere ez dio gezurrik, eta etorri bezala joan dira jaiak, datorren urtera arte. Oraingoan, behintzat, ez da hiru urtekoa izango itxaronaldia...
Beti bezain ederra izan zen San Joan jaien bukaera atzo, Plazako iluntasunean elkartu eta San Joan Zortzikoarekin bat eginda aurrena, eta Incansables txarangak gidatutako kalejira alai bezain klasikoarekin ondoren, Kaxkoko kaleak argituz. Horrela borobildu zituzten, ondo baino hobeto ospatutako festak.
Argazki lehiaketan parte hartzeko, azkeneko aukera
Milaka izan dira, San Joanetako une berezienak argazkitan bildu dituzten herritarrak. Eta ohi bezala, argazki lehiaketa antolatu du Kronikak, haientzat guztientzat. Bi sari potolo izango dira aurten. Aurrenekoa, Doberako bazkide edota Kronikakide direnentzat: Txindokiko Itzala abentura parkerako sarrera bikoitza, bi lagunentzako otordua Altzuetan, eta Hernaniko igerileku irekietarako bi sarrera. Bigarren saria, berriz, bazkide edo Kronikakide ez direnen artean banatuko da: Txindokiko Itzalarako sarrera bikoitza, bi lagunentzako otordua Itxas Burun, eta urtebetez Kronikakide izateko aukera.
Gaur da lehiaketan parte hartzeko azkeneko eguna, argazkiak eguerdiko 12:00ak baino lehenago bidalita, kronika@kronika.eus helbidera; gehienez ere, bost argazki bakoitzak. Argazki guztiak bilduta, herritarrek aukeratuko dituzte irabazleak: kronika.eus webgunean jarriko ditugu argazki guztiak ikusgai, eta ostiraleko 12:00ak arte bozkatu ahal izango da. Larunbateko alean argitaratuko ditugu irabazleen izenak.
Bestalde, gogoratu jaietako argazki guztiak ikusgai daudela 'San Joanak 2022 iruditan' atalean.